Langabezia tasa %9raino murriztu da Goierrin, hamar urtean maila baxuena
Eskualdeko langabetu kopurua 3.000tik jaitsi da, 2008tik lehen aldiz. Krisi aurreko egoeratik urrun dago oraindik: %80 gehiago. Lan egiteko adineko biztanleria jaitsi daGoierrik %9,06ko langabezia-tasarekin bukatu du 2017. urtea. Lanbideren zerrendan 2...
Eskualdeko langabetu kopurua 3.000tik jaitsi da, 2008tik lehen aldiz. Krisi aurreko egoeratik urrun dago oraindik: %80 gehiago. Lan egiteko adineko biztanleria jaitsi da
Goierrik %9,06ko langabezia-tasarekin bukatu du 2017. urtea. Lanbideren zerrendan 2.903 pertsona (Inem-en arabera 2.899) zeuden lana aurkitzeko izena emanda abenduan. Urteko azken hiruhilekoaren joera mantendu da azken hilean ere, eta 3.000 langabetuko mugaren azpitik mantendu da. Nola kopuru absolutuan, hala tasan, azken 10 urteetako daturik onena da, 2008koaren parekoa.Krisi ekonomiko-finantzarioa duela hamar urte lehertu zenetik, Goierri osoari dagokion langabezia %11tik gora ibili da, 2015ean %10en bueltara jaitsi zen arren. 2008a %8,18ko tasarekin bukatu zuen eskualdeak, eta urte bukaeran goia 2012an eta 2013an jo zuen, %12,5ekin.
Kopuruz, bukatu berri den urtean jaitsi da lehenengo aldiz 3.000tik. Urte latzenak 2012-13 izan ziren, 4.000tik gora langabetu baitziren orduan.
Langile potentzial gutxiago
Bi faktore badira, gutxienez, langabezia-tasaren jaitsiera azaltzen dutenak. Bat, sinatutako lan kontratuak; abenduan zehar 1.386 egin ziren. Nolakotasuna, ordea, asko aldatu da krisi aurretik: behin-behineko kontratuak %90 dira (1.252).
Beste aldagaia, lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren beherakada da; langileria potentzialaren giharrea argaltzen ari da. Goierrik gaur egun 32.000 pertsona inguruko multzoa dauka lan egiteko adinean. Krisia hasi zen urtean baino gehiago da (2008an 29.800 inguru), baina biztanleria ere 1.000 gehiago da.
Azken hiru urtean ia 3.000 pertsona gutxitu da lan egiteko adinean dauden goierritarren biztanleria. Sabaia 2014an harrapatu zen, 34.800ekin.
Krisi aurreko egoera, urrun
Aurreko hiru urteetan langabezia tasak eta kopuruak hobera egin arren, Goierriren lan munduko egoera 2007tik urruti dago, oraindik. Krisi aurretik, %5,6ko langabezia-tasa zeukan eskualdeak, eta 1.608 langabeturekin bukatu zuen urte hura. Langabe kopurua %80 gehiago da gaur egun, eta tasa %62 altuagoa.
Sexu bereizketak langabezian ere oso eragin desberdina du. Emakumezkoen artean, langabezia tasa gizonezkoenaren bikoitza da. Goierri behean, esate baterako, %5,85 da gizonezkoen langabezia tasa, eta %11,60 emakumezkoena. Tasa orokorra %8,45 da; goialdean, %10.