Pasa den ostiralean inauguratu zuten 'Senses: Adam & Eve' erakusketa Ordiziako Barrenan. Gorputz guztiz biluziak agertzen diren 20 koadrok osatzen dute proiektua.
Pedro Gaztañaga (Ordizia, 1967) Arte Ederretan lizentziatua da, eta giza irudian eta erretratuan espezializatua dago. Horren adibide garbia da Ordiziako Barrena kultur etxeko areto nagusian jarri duen pintura erakusketa.
Senses: Adam & Eve du izena bildumak, eta izenak adierazten duen moduan, Adan eta Eba irudikatu ditu. Bakarka eta taldean erakusketa ugari egin ditu gaur arte han eta hemen, eta orain, bere jaioterrian jarri ditu erakusgai bere lanak. Pasa den ostiralean inauguratu zuten erakusketa eta otsailaren 2ra arte egongo da ikustera joateko aukera.
Zer aurkituko dugu erakusketa honetan?
Erakusketa 20 erretratuz dago osatuta. Gorputz biluziak dira guztiak. Hamar Adan eta hamar Eba dira, eta bikoteka daude jarrita. Biluziaren gaia landu nahi nuen, eta Adan eta Eba horretarako egokiak ziren.
Bikoteka, zergatik ?
Emakumezko bat gizonezko batekin ondoan jarri dut, baina bikote horiek arrazoi garbirik gabe daude horrela jarrita. Beste modu batean ere jar daitezke seguruenik, eta ondo geldituko lirateke. Dena den, egia da bikoteak osatzerakoan komunean elementuak badituztela.
Aldez aurretik gorputz biluziekin erakusketarik jarri al duzu?
Noizbait bai, baina ez oraingo honetan bezala. Sekula ez dut gorputz biluziekin serie oso bat egin eta gutxiago hain esplizitoa. Honen aurretik egin nuen erakusketan, erretratuak ikus zitezkeen eta bazeuden pare bat lan gorputz biluziekin. Pedro Usabiaga argazkilariaren erakusketa aretoan, Donostian, egon zen jarrita. Usabiagari berari asko gustatu zitzaizkion biluzien koadroak, eta berak proposatu zidan horrelako erakusketa oso bat prestatzea.
Nortzuk dira koadroetan agertzen direnak?
Batzuk modeloak dira, horietako bat Parisen desfilatu izan duen modelo internazionala da. Beste batzuk kirolariak dira, Ordiziako norbait ere badago, Miss España izandako emakume bat ere bai, eta une hartan gainera haurdun zegoen, denetik dago pixka bat.
Egia da ez dela guztiz erraza izan proiektu honetarako biluztuko zen jendea aurkitzea. Uneren batean proiektua ez nuela aurrera aterako pentsatu ere izan nuen, baina Usabiagak berak asko lagundu zidan jendea aurkitzen. Proiektuarekin hasi eta bukatu arte, hiru urte pasatu dira.
Pertsona errealak dira beraz.
Bai, hala da! Biluziak egiteko nahiago nuen pertsona errealekin lan egin. Haiei argazkiak atera eta horietan oinarritu naiz. Koadro bakoitza pintatzeko denbora asko behar baita, eta zaila litzateke hainbeste denboraz modeloa aurrean izatea. Koadro bat hasi eta bukatzea, ez da egun bateko kontua.
Ikus daitezkeen gorputzak ez dira nolanahikoak.
Ez, gorputz landuak dira. Gauza ederrak margotzea gustatzen zait, margotzen dudanaren izaera edo arima kanporatzea ahaztu gabe, noski.
Eta koadroetan agertzen diren paisaiak errealak al dira?
Ez, ingurunea nik asmatua da. Naturako elementuak eta animaliak agertzen dira. Adan eta Ebaren garaira joan nahi izan dut batetik. Horrela, naturarekin zuten konplexu gabeko erlazioa irudikatu dut. Dena den, beste elementu batzuk ere agertzen dira margolanetan, eta horiek, ikuslearengan harridura sortzeko sartu ditut.
Estiloari eta teknikari dagokionez, zer esan dezakezu?
Figurazioa gustatu izan zait beti, eta hori da landu dudan estiloa. Teknikari dagokionez, mistoa, nahasketak erabili ditut kartoi gainean. Batez ere pastel margoak, arkatz akuarelableak, tinduak eta akrilikoak.
Zer da erretratuetan zailena?
Aurpegiaz gain, eskuak eta hankak asko zaindu behar dira. Gaizki gelditzen badira, segituan nabaritzen da eta ez da naturala gelditzen. Xehetasunetan dago gakoa.
Zein izango da Ordizian jendearen erreakzioa?
Jendea ez dago gorputzak guztiz biluzik ikustera ohituta, beraz ez dakit oso ondo zer sortuko duen jendearengan. Dena den, probokatzea ere bilatzen dut. Artista asko ez dira ausartzen gai hori lantzen, jendearengan sor dezaketen eraginagatik, hain zuzen ere.
Erakusketa hau beste areto batzuetan izan dut ikusgai eta niretzako polita da ikustea jendearen erreakzioa. Batzuk aretora sartzen ere ez dira ausartzen ia, gezurra badirudi ere.