Gerriko Ikerlan Bekak aurten bi liburu gehiagorekin hornituko du jada luzea den ikerlan zientifikoen zerrenda: 24 liburukitan 27 ikerketa emanak ditu, Goierriri eta goierritarrei buruz, euskaraz. Eta bada gaia.
Hogeita hamar urteko bidea osatzera doa Gerriko Ikerlan Beka, datorren urtean. 1989an egin zuten lehen deialdia,
idazlan lehiaketa izenpean. 1990ean atera zen haren fruitua: Goierrirekin loturik hiru ikerketa etnografiko. Bi urteroko bihurtua aspaldian, 2018a oparoa izango du, bi liburu gehiago batuko baitzaizkio dagoeneko aberatsa den bildumari.
Gerriko Ikerlan Bekaren egitekoa zehatza da: Goierriri edo goierritarrei buruzko ikerlanak euskaraz egitea eta argitaratzea. Aurtengo bi titulu berri batuta, guztira 24 liburukiko biblioteka marduldu du jada. 27 ikerlan daude jasota orri horietan.
Goierriko Euskal Eskolak (GEE) sortu zuen ikerketa-deialdia, behin euskararen irakaskuntza eta alfabetatzea Maizpideren esku geratu zenean, 1988an. «GEE kultur elkarteak hausnarketa egin zuen orduan: aurrera jarraitu, bai ala ez. Eta jarraitzekotan, zer arlotan. Lanean jarraitzea erabaki zen, euskararen erabileran eta kulturgintzan bagenuela zer egina ikusi baikenuen», dio Joxepa Madariaga koordinatzaileak.
Urteroko maiztasunarekin abiatu zen egitasmoa. «Ez ginen iristen. Ekonomikoki ere izugarrizko gastua zen. Bi urtez behingo bihurtu genuen». Lehenik idazlan lehiaketa deitua ikerlanena bihurtu zen, eta lehiaketa zena beka bilakarazi zuten.
Epaileekin elkarlanean
Ikerlan bekaren 18. deialdira proiektuak aurkezteko epea bihar eguerdian bukatuko da. Ordura arte ez dute jakingo zenbat diren. Baina baikor da Madariaga: «Ikertzaileak deika aritu dira, eta prestatzen ari direla badakigu. Proiektu gehien 16. deialdian jasoko genuen, 10 bat. Askotan bi, hiru edo lau izaten dira. Proiektu bakarra jasota ere, fundamentuzkoa bada, ona da».
Unibertsitate giroan «bere tokia» egiten ari da Gerriko ikerlan beka. Jokin Apalategi soziologo ataundarra da zuzendari zientifikoa —aurretik haren anaia Joxemartin Apalategi izan zen, 1990etik 2006an hil zen arte—, eta mundu akademikoan fama baduela esan ohi du hark. Ez dago unibertsitate-ikasle edo irakasle izan beharrik, ordea, beka lortu ahal izateko.
Arrakastaren gako bat, Gerrikoren berezitasuna izan liteke: ikertzaileek, behin proiektua gartzeko beka jasotzen dutenetik aurrera ere, epaimahaiko kideekin harremanetan jarraitzeko aukera dute, zuzenketak, aholkuak, norabidea argitzeko, edo korapiloak askatzeko. «Hori ezohikoa da, eta Gerriko bekan asko estimatzen dute ikertzaileek. Proiektua zergatik ez dieten saritu ere jakiten dute, eta hurrengorako hobetzeko eta beka jasotzeko aukera daukate, gertatu izan dena, hain zuzen ere», gaineratu du Madariagak.
Epaimahaia nork osatu, gainera, proiektu irabazlea zein den ebatzitakoan erabakitzen dute. Arlo askotako adituak izan ohi dira, eta «denek lan denak» irakurtzen dituzte, «ez euren espezialitatekoak bakarrik». Edozein zientzia gai landu daiteke.
Aldiro bete behar eltzea
Hasieran, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Sailak finantzatu zituen argitalpenak. Geroago, Kutxa (saria) eta Laboral Kutxa (argitalpena) arrimatu ziren. Baina alde egin dute horiek ere euskarazko Goierriko ikerketa zientifikoa laguntzetik. Aldiro-aldiro, ate joka eta diru eske ibili beharrean dira orain. Azken liburuak ateratzeko EHUk, Ampok eta Orklik jarri dute funtsa. Gerriko elkartea (lehengo Goierriko Euskal Eskola), Maizpide eta Laz- kaoko Udala dira antolatzaile.
Sorrerako helburuak betetzen ari direla dio Madariagak. Dionisio Amundarainek eman zuen hasierako ideia, eta hark zuzentzen ditu testuak oraindik. Euskarari garrantzia ematen baitiote. Formatuaz eztabaida egin den arren, liburu bezala argitaratzen jarraituko dute. «Ikertzai-leen txokoa da Gerriko Ikerlan Beka, eta elkarlanean jarraipena emango diogu». Goierrik bere buruaz gehiago jakin dezan.
Hurrengo liburuak
Sormen emozionalaz
· Izenburua. ‘Sentituz, izan sortzaile. Gazteen sormen emozionala sustatzeko esku-hartze programa’.
· Egileak. Goretti Soroa, Aitor Aritzeta eta Nekane Balluerka.
· Liburua. Gerriko bildumako 24.zenbakia, 17. ikerlan beka deialdiaren emaitza.
· Aurkezpena. Urtarrilaren 26an, ostirala, 20:00etan, Lazkaoko udaletxeko areto nagusian. Inprimaketa bukatuta dago.
Industri turismoaz
· Izenburua. ‘Turismo industriala Goierrin eta Euskadin: enpresak bertatik bertara bisitatzeko aukerak eta onurak’.
· Egileak. Goizalde Hernando eta Galder Guenaga.
· Liburua. 23. zkia, 16. deialdikoa.
· Aurkezpena. Martxoaren 16an, Lazkaon. Inprentan dago lana.