«Guztien artean, ikerketarena da nire proiektu pertsonalena»
Ez da eraikinak altxatzen dituen arkitektoa, ikertzen eta eskolak ematen dituena baizik. Urteak dira Martinez de Gereñu (Legazpi, 1973) ez dela Legazpin bizi, orain Madrilen dago.Laura Martinez de Gereñuren keinu bakoitzean jakin-mina ageri da. Elkar...
Ez da eraikinak altxatzen dituen arkitektoa, ikertzen eta eskolak ematen dituena baizik. Urteak dira Martinez de Gereñu (Legazpi, 1973) ez dela Legazpin bizi, orain Madrilen dago.
Laura Martinez de Gereñuren keinu bakoitzean jakin-mina ageri da. Elkarrizketatua bera den arren, papera eta punta fin fina duen arkatza dakartza oharrak hartzeko. Egun eskolak ematen ditu Madrileko IE School of Architecture and Design-en. Arkitekturaren historian eta teorian doktorea da eta eskolak emateaz gain, ikerketa egiten du, pasioz egin ere. Ahoan euskara, gaztelania eta ingelesa kiribiltzen zaizkio.Zergatik arkitektura?
Marraztea eta matematikak asko gustatzen zitzaizkidan. Arkitekturak ildo teknikoa nahiz humanistikoa bateratzen ditu eta horrek erakarri ninduen. Denborarekin konturatu naiz arki- tekturak erantzun tekniko bat ematen diola galdera sozial eta historiko bati.
Zu ez zara baina eraikinak altxatzen dituen arkitektoa.
Nire prestakuntza nahiko ohikoa izan zen. Ikasten ari nintzela Patxi Mangado arkitektoaren estudioan, Iruñean, lanean hasteko aukera izan nuen. Asko ikasi nuen han, lehiaketak, proiektuak, hirigintza lanak… Denetarik egiten ikasi nuen, baita lanean gogor aritzen ere. Iruñean hainbat urte egin nituen, karrera amaitu nuen eta arkitektura eskolan irakasle aritu nintzen. Bazirudien han sortzen zirela aukera guztiak, nahiz eta nik bide berriak urratzeko gogoa nuen.
Patxi Mangado Harvard Unibertsitateko arkitektura eskolara (AEB) gonbidatu zuten irakasle gisa eta laguntzaile lanetarako eraman ninduen. 2001. urtea zen. Udaberri hartan akademia amerikarra ezagutu nuen. Iruñera itzuli, doktoretza egiten hasi, eta Harvard-en jarraitzea erabaki nuen.
Nola egiten da Harvard-en ikasteko?
Beka bat eskatu nuen. Rafael del Pino Fundazioak eman zidan beka 2002an eta unibertsitateko eskaera guztiak egin nituen. Harvard-era iritsi, eta mundu oso bat zabaldu zitzaidan. Jakintza sare oso batekin hartu-emanean jarri nintzen. Hobekuntza esponentziala izan zen. Masterra urtebetekoa zen, baina hiru urte egin nituen han fundazioaren bekari esker. Lan egiteko itzelezko gaitasuna garatu nuen eta lagun onenak ere han egin nituen. Ordura arte egiten nekien gauza askok ez zuela deus balio, eta berriro asmatu behar izan nuen nire burua.
Ikerketari ekin zenion.
Proiektuak eta hirigintza lanak egiten konturatu nintzen historiari buruzko jakin-mina nuela, egungo galderei erantzun ahal izateko aukera ematen zuela. Nonbait, gizarteari itzuli ahalko nion zer edo zer sumatu nion. Horrenbestez, Arkitekturaren historia eta teoriari buruzko masterra aukeratu nuen. Historiari buruzko jakin nahiaz gain, ordurako banekien hezkuntzan ere aritu nahi nuela.
Harvard-etik bueltan…
Bartzelonara joan nintzen eta estudio bat ireki nuen lagun batekin, proiektuak, ikerketak eta abar egiten genituen. Han nengoela Madrigo IE Bussiness School unibertsitatetik deitu zidaten. Gradu berriak jarri nahi zituzten, tartean arkitekturakoa eta proiektuen alorra martxan jartzeko eskatu zidaten. Historia eta teoria arloa ere koordinatzen dut orain. Klaseak eman eta iker-ketan aritzen naiz. Bestela ez da oso erraza ikertzea, hau da, ikertzeko denbora izatea eta norbaitek finantzatzea.
Zein da zehazki zure ikerketaren muina?
Nazioarteko elkartrukeak ikertzen ditut batez ere. Alemania, AEB eta Espainiaren artean arkitektoek zein artistek egindako bidaiak nahiz emigrazioak. Areago, toki aldaketa haiek utzitako arrastoak. Finean, arrasto horiek gertatutakoa kontatzen dute eta geure burua hobeto ezagutzeko aukera ematen digute. Adibidez, Bauhauseko artista aleman batzuk Euskal Herrian zein Katalunian izan ziren eta bisita haiek gerora Alemanian sortuko zuten obran eragina izan zuten.
Ikerketak harrapatuta zauzka.
Ikaragarri gustatzen zait ikertzea. Agiritegi batean sartu, zerbaiten bila joan eta beste zeozerrekin topo egitea itzela da… Serendipia deitzen zaio horri. Aurreko abenduan Mies van der Rohe- Barcelona 1929 liburua aurkeztu genuen Bartzelonan. Orain hurrengo urratsa ematen lagunduko didaten idatziak egiten ari naizenaren sentipena daukat. Honezkero hasi naiz ikasleei testu liburuetan agertzen diren azalpenez gain, nik neuk sortutakoak ematen. Eskolak eman, unibertsitateko zerbitzua ikasleen nazioarteko mugikortasuna kudeatzen dut eta ikerketa egiten dut; ikerketa da guztien artean proiektu pertsonalena.
Nazioartean mugitzen zara eta ikerketa horien berri ematen duzu, zaila al da zabaltze lan hori?
Halako lanak argitaratu, eta audientzia txikia da. Benetako inpaktua ikasgelakoa da; alegia, beste batzuei ikasitakoaren berri ematen diezunekoa eta haiek noizbait bide horri segida ematen dietenekoa. Irakaskuntza maite dut. Ikasleei pasioz irakastea ezinbestekoa dela uste dut, halaber irakaskuntza ez dut inondik ere ikerketarik gabe ulertzen. Bestela zer? Zure irakasleei liburuetan dagoena baino ezingo diezu transmititu. Irakastea pentsamendu kritikoa garatzen erakustea da.
Ingelesez ematen dituzu eskolak.
Bai, Madrilen bizi naiz, baina nire lan eremuan ingelesez aritzen naiz ehuneko ehunean. Ingelesez bai, baina Legazpiko azentuarekin hitz egiten dut [barreak]. Euskara ahaztuta nuen pittin bat, baina ama hizkuntza dut. Euskal Herriko Unibertsitateko tesi epaimahaietara gonbidatu nautenean etorri izan naiz eta freskatu dut apur bat. Euskaraz irakurri, eta zer edo zer idazten dut. Bihotza hor daukat.
Bestelakoan?
Alemana ikasten ari naiz, lanagatik asko bidaiatzen dut. Egia esateko, lan asko egiten dut, baina erabat asebetetzen nau.