Juan Amezketa kalean zuhaitz landareak salgai jarri dituzte Goierriko landarezaleek, eta Plaza Nagusian, urtero bezala, Araman prestatutako txertoerarako erretxina ere bai.
Urtea hasiz bat geltokitik gora doan kalean, zuhaitzen garaia dela oroitarazten digun panorama ikusgai, arbola landareak bertan. Joan zen astean, elurra zela eta, ezin izan zuten etorri eta atzo ikusi genituen Justo Dorronsoro ataundarra eta Zegamako Arakama anaiak. Berez hostoa erortzen hasten zaionetik hasi litezke landaketak, Dorronsorok adierazi digunez. Salerosketa ohiturak aldatu dira, jakintza kontuak ere bai: «Ordizian, tratuetarako eta jendearekin egoteko egon beharra duzu». «Gaur egun jendeak ez daki noiz den arbolak aldatzeko garaia eta momentu honetan egur behar handirik ez dago, eta balio handirik ere ez duenez, jendeak ez du lanean aritzeko gogorik. Askotan, kapritxoz».
Prezioari dagokionez, lehengo lepotik burua. Aldaketarik ez azken bizpahiru urte hauetan. Basokoak eta fruta arbolak dira eskaintzen dituztenak. Lorategietarakoak, Areitioko Junkalek etortzeari utzi zionetik bukatu ziren. Salduenak fruta arbolak direla zioen Justok, 6 euroan bakoitza: sagarra, irasagarra, udarea, gerezia, arana, mizpira… Kiwia 10 euroan eta txertatua den intxaurra edota gaztaina garestiagoak, 20 euroan. Prezio be-rean mandarina, laranja edota limoia.
Basokoen artean neurriak markatzen du prezioa. Haritza, bertakoa eta nortekoa esaten zaiona daude, 0,60 eurotik euro batera. Pinuak larizioa edo insignis motakoak, 0,22tik 0,30era. Douglas izeia 0,33tik 0,35era, eta pagoa 0,80an.
Txertoetarako erretxina
Txertoak egiteko garaian ere bagaude. Aramako Arantxa Zurutuzak propio prestatutako erretxina ekarri du. «Guk beti ikusi dugu etxean aita egiten, hark aitona… eta horrela ikasi eta egiten jarraitzen dugu. Erretxin kozkorra urtu, seboa ere bai, kontu handiz erre, su hartzen du gehiegi berotuz gero eta, eta pintura hautsa botata, zimentzen laguntzen du». Behin hoztuta, kilo laurdeneko (5 €) edo kilo erdiko (9 €) potetan salgai da.
Pare-parean tokatu da Iñaki Agirre idiazabaldarra, ohiko feria laguna: «Askotan aritzen naiz ni xestraketan etxerako eta lagunei emateko eta erretxin hau erabiltzen dut. Basoan edo osabaren baserrian bilatutako landarek hartu, natural etorri direnak, eta nik lortu nahi dudan fruitu horren
metue xestratzen diet. Kapritxoz izaten da, frutaren bat probatu, gustatu, horren
metue eskatu eta normalean erraz ematen da hori. Hala aritzeko ohitura dut».
Atzo ere, baten eta besteen kontuak jasoz lezio aberatsak hartu genituen zuhaitzei lotuta.
- Ordiziako Azokako aste honetako prezioak