Latxartegi aretoan 'ZuTuberrak' antzezlana taularatuko dute bihar
Aurreko abenduaren 2an aurkeztekoak ziren ZuTuberrak haurrei zein gaztetxoei zuzendutako antzezlana. Egun haietako elurteak eragotzi egin zuen aurkezpena bihar egingo dute Latxartegin, 18:00etatik aurrera.Eidabe taldearen eskutik antzerki lana 7 eta 14...
Eidabe taldearen eskutik antzerki lana 7 eta 14 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago. Areago, gurasoei, irakasleei, begiraleei nahiz egunerokoan adin tarte horretako haurrekin hartu emana duten guztiei zuzendutakoa dela diote.
Sarrerak Latxartegiko leihatilan salduko dituzte ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, 4 euroan.
Antzezlanak bi protagonista ditu: Bits eta Gor. Buruan txip berria sartzen saiatuko dira taula gainean eta bakoitzak gogokoen duen dohaina aukeratuko du. Gorrek indarra hautatuko du eta Bitsek, aldiz, hitzak aukeratuko ditu; bidenabar, hitzei esker trebezia berezia izango du rap-a kantatzeko. Trebezia horrek arrakasta ekarriko dio sarean, YouTuben. Gorrek, inbidiak jota, hitzak gordetzen dituen txipa ezabatuko dio Bitsi. Hortik antzezlanaren gai nagusia: hitzik gabe galduta egongo baita Bits. Zer geratuko litzateke hizkuntza garunetik ezabatuko balute?
Haurrek eta gazteek gogoko dituzten osagaiez baliatuko dira istorioa kontatzeko: Internet, YouTube, rap-a, irudiak eta abar. Hori guztia, finean, ikusleengan euskararen inguruko gogoeta sortzeko. Euskararen erabileraz, erabilera ezaz, egungo komunikatzeko tresnez eta hizkuntzaren balioaz gogoeta egiteko hizpidea da YouTuberrak antzezlana.