Mus handiena hastera doa
Euskal Herriko X. Mus Txapelketarako herrikako kanporaketak gaur hasiko dira jokatzen Goierrin. Gipuzkoako finala Bergaran da, eta naziokoa UztaritzenHamargarren ekitaldia du aurten Euskal Herriko Mus Txapelketak. 2009an antolatu zen lehenengo aldiz. H...
Euskal Herriko X. Mus Txapelketarako herrikako kanporaketak gaur hasiko dira jokatzen Goierrin. Gipuzkoako finala Bergaran da, eta naziokoa Uztaritzen
Hamargarren ekitaldia du aurten Euskal Herriko Mus Txapelketak. 2009an antolatu zen lehenengo aldiz. Harrezkero, partaidetza ia bikoizteraino hauspotu du bere zabalkundeak: 1.120 bikote izan ziren lehen txapelketan, eta 2.000 bikote iaz. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 220 herritan jokatu zen, 2017an. Tartean Goierriko guztietan.Aurtengo mus txapelketa gorenak asteburu honetan ekingo dio Goierrin. Hiru herritan daude iragarrita mus saioak: Mutiloan eta Zaldibian gaur, eta Idiazabalen bihar. Hurrengo bi asteburuetan jarraituko dute kanpo- raketek, kopuruz ugariago jada.
Otsaileko lehenengo asterako bukatuta egon behar du herrikako faseak, horietan sailkatutako bikoteek Gipuzkoako saioa jokatuko dutelako otsailaren 24an, Bergarako Udal Pilotalekuan (15:00). Zazpi herrialdeetako finalak egun horretan dira. Partaidetzaren arabera izango da bikote kopurua; iaz, Gipuzkoako finalean 120 bikote aritu ziren, horietatik 36 goierritarrenak.
Azken final handia Lapurdira itzuliko da aurten, txandatu egiten baitute urtero. Uztaritzen antolatu dute festa, martxoaren 10erako. Gipuzkoatik 32 bikote igaro ziren iaz Euskal Herrikora. 128 bikote ziren guztira.
Lau erregera da jokoa
Euskal Herriko Mus Federazioaren araudiaren arabera jokatuko da saio nagusietan (herrialdeko eta nazioko finaletan): lau erregera, eta seina hamarreko hiru ustelera. Herrietako kanporaketan, aldiz, bertako ohituraren arabera aritu ahalko da.
Bikoteko 20 euro ordaindu behar da. Norbere herrian antolatzen den saiora joan, eta bertan eman behar da izena. Parte hartzen duen bikote kopuruaren arabera, bakarra, bi edo hiru sailkatuko dira herrialdekora.
Saritan, herri bakoitzak bere opariak jarriko ditu. Herrialdeko irabazleek txapela bururatuko dute, eta beste sari batzuk ere izango dira. Euskal Herrikoan, berriz, 3.000 euro eta Karibera bidaia jasoko dute lehenek, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetara bidaia bigarrenek. 16. postura artekoek ere izango dute oparia edo dirua.