Goierriko BNI Arrakasta networking taldeak bilera irekia egingo du otsailaren 1ean, Igartzan. Taldearen lan egiteko modua azaldu nahi dute, enpresari eta ordezkari publikoen aurrean
BNI Arrakasta Goierriko networking taldeak sarea osatzen jarraitu nahi du, eta hainbat sektoretako profesionalak eta erakundeetako ordezkariak deitu ditu bilera ireki batera. Egiten duten lana azaldu eta etorkizuneko aukeren inguruan hitz egingo dute, eta Jose Antonio Cano BNIren zuzendariak «ahoz ahoko marketinaren bidezko arrakastaren sekretuak» azalduko ditu. Saioa otsailaren 1ean izango da, Beasaingo Igartza jauregian.
BNI Arrakasta taldea duela hiru urte pasatxo sortu zuten, jarduera ekonomiko ekintzailea eta industriala sustatzeko asmoz. Hainbat alorretan lan egiten duten 30 bat enpresa txiki eta ertainek osatzen dute.
Business Network International egitasmoak negozio-erreferentzien trukea bultzatu nahi du eta horrela, bere kideentzako bezero berriak lortu. Mundu mailan, 200.000 kide dituzte 70 herrialdetan banatuta, eta denen artean 9,8 milioi erreferentzia baino gehiago sustatu dituzte.
Kide horiek guztiak 8.000 taldetan banatzen dira, eta horietako bat da Goierrin sortutako ekimena. Hiru urteko ibilbidean 3.000 erreferentziatik gora partekatu dituzte.
Erakundeen babesa
Ekimen enpresarial horrek Goierriko hainbat erakunderen babesa jaso du. Igartzako bilerarako gonbitea egiteko ekitaldian, Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak, Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak eta Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak hartu dute parte.
Bilera irekia izango da, baina izena aurrez eman behar da,
bniarrakasta.com webgunean sartuta.