Nafarroa kalea da Legazpiko zaharrena eta Kale Nagusia bigarren zaharrena. Abuztuan hasi zituzten Kale Nagusiko lanak eta urtarrilean amaituta egongo dira
Kale Nagusia oinezko egiteko lanen bigarren fasea aurki amaituko dute. Abuztuan hasi ziren eta Gabonetan amaitzekoak baziren ere, eguraldiak atzerapena eragin du. Eric Galvez hirigintza zinegotziak urtarrila amaitzerako lanak bukatuta egongo direla esan du.
Aurretik egina zegoen lehenengo faseari segida eman diote. Alonso Frances udaleko arkitekto teknikoaren esanetan, kalean «erreforma integrala» egin dute: «Aspaldi berrikuntzaren bat edo beste egin da, baina oraingoan goitik behera berritu da kalea». Ur edangarriaren hoditeria, euria jasotzen duten azpiegituren saneamendua, energia sarea zein telefonia sarea lehen kableak eraikinen aurrealdeetan zeuden eta orain lur azpira jaitsi dituzte eta ur-beltzen ubideak berritu dituzte. Euskaltelek eta Naturgasek dagoeneko sarea lur azpitik zuten eta ez dute aldaketarik egin.
Azpiegiturei dagozkien berrikuntzez gain, kaleko zorua kotan jarri dute ahal izan duten neurrian. «Irisgarritasuna zaindu dugu, baina Kale Nagusia aldapan dago eta alde bakoitzeko eraikinak ez daude altuera berean. Ezaugarri horrek zailtasunak sortu dizkigu zoruaren altuera berdintzerakoan». Orain, Kale Nagusiko zoruari begiratuz gero, elizatik Urola kalerako norabidean jarrita, eskuineko aldean malda txiki bat egin dutela sumatu daiteke.
Altzairuak lehenengo fasean jarritakoekin bat datoz. Oraindik ipini gabe dauden lore ontziak altzairuzkoak dira eta eserlekuak ere aurreko faseakoen modukoak izango dira. Argiteria berri guztia led motakoa da.
Harmaila
Urola kaleko bidegurutzean harmailaren egitura amaitu bidean da. Legazpi izenarekin dekoratu dute altzairuzko harmaila, baita zuhaitzekin eta bestelako landarediarekin. «Antzerki txikiak eta halako jarduerak egiteko prestatuta dagoen eremua da», dio Francesek, eta Eric Galvez hirigintza zinegotziak gehitu duenez, «harmaila legazpiarrekin egindako prozesu parte hartzaile baten emaitza da». Eiluz elkartekoekin batera egituraren irisgarritasuna zaindu dutela gogoratu du Alonso Francesek.