Askorako ematen du Ordiziako feriak; zer ikasi, ikusi eta erosi asteazkenero dago, bertako eta kanpoko jendearentzako erakargarri diren ekimen ezberdinak tarteko.
Ikastetxeetako ikasleek ekoizleen eskutik ezagutzen dituzte bertako produktuak. / Argazkia: D’Elikatuz
Urtarrilari ilbeltza eta izotzila ere esan ohi zaio. Atzo egunak izan zuen edertasunarekin beltzetik eta hotzetik gutxi, baina produktuei dagokienez, berrien garaia ez dela gogora ekartzen digu dagoen aukerak, neguko barazkiak, lehengo lepotik burua alegia. Hala ere, baserritarrak beti aurrera begira daude: zer eta noiz landatu edo erein, ernatu edo itsasi den zaintzeak eguneroko ardura eskatzen baitu. Eguraldiak eta lurraren egoerak markatzen duen lanbidea da. Ikusi bestela, atzo Oreindaingo Lugarragako Kontxi Aiestarani umorez entzun geniona: «Porruak ateratzera joan eta neroni landatuta gelditu nintzen, a ze lokatza!».
Bestalde, Larsabiri esker eman ohi dugu astero-astero arkumearen prezioa. Egonkortu da: 3,15 euro gehi BEZa kiloa, bizirik pisatuta. Larsabi, Latxa ardiaren salmentaz eta etxez etxeko bilketaz arduratzen den elkartea da, eta hainbat artzainen arkumeak bildu eta enkante bidez saltzeaz arduratzen da, besteaz beste.
D’elikatuzen mokadua
Atzo ere hiru talde etorri ziren Ordiziara propio feria ezagutzera: Basque Culinary Centerko ikasleak, Donostiako Jakintza ikastolakoak eta Lazkaoko Maizpide euskaltegikoak. Astero etortzen da talderen bat feria probatzera, eta dastatzera ere esan genezake. Izan ere
Azoka mokadu batean izeneko ekimenari esker, ferian garaian garaikoa zer den ikasten da. Erosketak egiteko dirua poltsikoan dutela abiatzen dira (gazteenak) eta D’elikatuz zentroa bisitatu ondoren, erositakoa janez bukatzen dute itzulia. Pili Eskisabel Ataungo baserritarra eta Gema Lopez D’elikatuz zentrokoa izaten dituzte lagun. Propio sortutako fitxa didaktikoa aurrez eskolan landu dezakete eta tokian bertan osatu beharreko orria eskuetan dituztela, jendearekin hitz eginez zuzen-zuzeneko informazioa lortzen dute.
Beste zenbat ekintzen artean hau ere eskaintzen du azoka bultzatzea helburu nagusi duen D’elikatuz zentroak.