Lenbur fundazioak 1997an bere ibilbidea hasi zuenetik urterik onena izan da iazkoa. Aurrekoan baino 810 bisitari gehiago izan dituzte. Familia planek izandako arrakasta da igoeraren «giltza»
Lenbur fundazioak iazko bisitarien datuak jakitera eman ditu. Guztira, 2016ko bisitari kopuruarekin alderatuta, 810 bisitari gehiago jaso dituzte eta fundazioak 1997an bere ibilbidea hasi zuenetik iazkoa urterik onena izan dela diote. Gipuzkoako museoen zerrendan hamargarren bisitatuena da Eureka, San Telmo eta Balentziaga museoen atzetik.
Artzaintxo Eguna Telleriarteko Artzaintzaren Ekomuseoan.
Lenbur fundaziotik diotenez, «igoeraren giltza familia planak izan dira». 2012an hasi ziren gisa horretako planekin eta urtez urte gehiagora joan dira. Iazko jardunean familia plan berria jarri zuten martxan. Hain justu, aiton-amonen eskolarena. Legazpiko auzoetako Langileen Ibilbidearen baitan dagoen garai bateko eskolaren museoan egiten dute eta orduko eskolak nolakoak ziren nahiz gaurko aiton-amonek bertan ikasten zutenaren berri ematen dute.
Familia planak zer diren azaldu dute Lenburretik: «Haurrekin datozen familiei egokitutako planak dira eta helburua publiko horri egokitutako istorioak sortzea da». Ildo horretatik jarraitzeko asmoa ere agertu dute fundaziotik. Artzaintxo Egunak Erraizabal baserrian, Telleriarten dagoen Artzaintzaren Ekomuseoan; Ogiaren Txokoan, Brinkolan, duten garai bateko okindegia edota Olentzeroaren bisita Gabonetan. Horiek dira fundazioak lantzen dituen familia planak.
Bisitariek Legazpin egun osoko planak egin ditzaten saiatzen dira eta Lenburretik azpimarra egin diote ekintza hauek herriko zerbitzuei eragiten dien onurari, baita enpleguari nola prestakuntzari ere.