Larunbateko azokan, mermelada tailerra eta errezeta liburuxka
Larunbatean, Loinazko San Martin plaza azpian, 10:00etatik 14:00etara, garaiko produktuen otsaileko azoka egingo da. Larunbateko azokaren helburu nagusiena baserritarren lana ba-lioan jarri eta garaiko produktuen kontsumoa areagotzea da, eta horrezaz g...
Larunbatean, Loinazko San Martin plaza azpian, 10:00etatik 14:00etara, garaiko produktuen otsaileko azoka egingo da. Larunbateko azokaren helburu nagusiena baserritarren lana ba-lioan jarri eta garaiko produktuen kontsumoa areagotzea da, eta horrezaz gain, kontsumitzaileak azokara erakartzea. Horretarako, bertako produktuen postuekin batera, azoka dinamizatzeko hainbat ekintza egiten dituzte. Larunbatean, 11:15ean mermelada egiten ikasteko tailerra izango da eta aldez aurretik izena eman behar da merkataritza@beasain.eus helbidean; gaur da azkeneko eguna. 12:00etan Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero jotzaileek kaleak eta azoka girotuko dute. 13:30ean, azkenik, azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa egingo dute, azokan erosketak egindakoen artean.
Larunbatean izango da berrikuntza bat: garaian garaiko produktuen egutegia eta udalerriko lau ostalarik bertako produktuekin egindako neguko errezetak biltzen dituen liburuxka banatuko dute erosleen artean. Honela, «jendeak produktu bakoitza zein garaitakoa den jakiteko eta bertako produktu horiekin egin daitezkeen hainbat errezeta goxo eskura» jarri nahi ditu udalak.
Lau liburuxka, lau urtaro
Lau liburuxka argitaratuko dituzte, urtaro bakoitzeko bana. Neguko errezetei dagokionean, bost proposamen jaso dituzte: Rubiorenako sukaldariak orburuak plantxan muskuluekin prestatu ditu; Riojanokoak bakailao tortilla; Urkiolakoak zerba milorria eta foie freskoa iberiko kurruskariarekin; Blai tabernakoak sandwich begetala eta Plazapekoak errezil-sagar errea.