Uztailaren 28an egingo dute ekitaldi instituzionala, Donostiako Orfeoiarekin eta Irungo Bandarekin batera. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekintzetan parte hartzera
Ordizia sortu zela 750 urte beteko dira aurten, 1268an jasotako hiri gutunak edo Sevillako eskubide bereziak dioenez. Urteurrena modu berezian ospatze aldera, ekintza-egitarau oparoa prestatu dute eta atzo aurkeztu zuten Ordiziako udaletxean. Bertan izan ziren udal ordezkariak eta urteurrenaren egitaraua prestatzen aritu diren hainbat herritar eta udal langile.Egun handia uztailaren 28a izango da, Santa Ana jaien ondoren. Egun horretan egingo dute ekitaldi instituzionala.
Osasuna eta historiari buruzko solasaldi sorta banarekin eta Pedro Gaztañaga artista ordiziarrak Barrenan jarritako pintura erakusketarekin ekin diote ur-teari. Ekintza horiek 750. urteurrenaren barruan kokatzen dira.
Ekitaldi instituzionala
Urte osorako ekitaldi asko eta asko antolatu badituzte ere, uztailaren 28an egingo dute urteurrenaren ekitaldi instituzionala. Izan ere, 1268ko uztailaren 30ean eman zioten Ordiziari eskubide berezia. Herriaren historian egun horren garrantzia nabarmendu nahian, udal ordezkariek, herriko talde eragileek eta herritarrek parte hartuko duten ekitaldia prestatu dute.
Joseba Aranburu kultur zinegotziak adierazi zuenez, «oraindik hainbat gauza lotzeko gelditzen badira ere, egun horretan Donostiako Orfeoia eta Irungo banda izango dira Ordizian».
Urte osoraklo egitaraua
Atzoko agerraldian Jose Migel Santamariak adierazi zuenez, «750. urteurrenak gure iragana ezagutzeko, oraina ospatzeko eta etorkizuna proposatzeko aukera bat izan behar du». Hori horrela, hiru multzotan banatu dituzte aurtengo ekitaldiak; iragana, oraina eta etorkizuna.
Aranburuk, berriz, urteko agendan aurrikusitako ekitaldien artean nabarmenenak aipatu zituen: dokumentu historikoen erakusketa, 1835eko setioaren antzezpena, alarde kon- painia berri bat sortzea, Ordiziako herrigune historikoan bisita gidatu eta antzeztuak egitea edota San Bartolome ermitaren ikerketa eta indusketa lanak.
Azkenik, herritar guztiak gonbitatu zituzten, antolatutako ekintzetan parte hartu eta Ordiziako historiaren berri gehiago ezagutzera.
Herriaren historia
Alfontso X.a Jakintsua Gaztelako erregeak sortu omen zuen herria, herriak sortzeko plangintza orokor bati jarraituz, Segurarekin eta Tolasarekin gertatu zen bezala.
Hasiera batean, San Bartolome baselizaren ondoan kokaturik zegoen herria, eta Ordizia zuen izena. Aurreraxeago, aipaturiko erregeak berak aldatu zion izena, Sevillan, 1268ko uztailaren 30ean emandako eskubide berezi baten bitartez.
Horrez gain, Vitoriak -gaur egungo Gasteizek- zituen abantailak eta Foruak ere eman zizkion, eta erregeari ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko baimena ere bai. Antso IV.a Ausarta izan zen Alfontso erregearen ondorengoa, eta emandako eskubide berezia berretsi eta, gainera, zergak ez ordaintzeko eskubide gehiago ezarri zituen Valladoliden 1290eko apirilaren 28an sinatutako beste agiri bat medio.