Santa Ageda bezperako eskea egingo dute igandean, Goierriko herririk gehienetan. Askotariko taldeak aterako dira aurten ere etxez etxe kantuan, makilak astinduz
Negu luzeari agur esan eta natura berriz esna dadin, makilarekin lurrari kolpeak ematen zaizkiola dio tradizio zaharrak. Gerora, neguaren amaierako tradizio hori Ageda deunaren egunarekin uztartu zen, eta geroztik, bezperan kantu eskean ateratzeko ohitura dago. Aurten ere, Goierriko herririk gehienetan aterako dira taldeak.
Goizetik hasi eta iluntzera arte, etxez etxe eta baserriz baserri arituko dira batzuk, Gabirian, Seguran eta Zerainen, esaterako. Gainontzekoek eguerdian edo iluntzean ekingo diote eskeari.
Herritar talde, elkarte, abesbatza nahiz musikariak ibiliko dira herriz herri. Eta askok, afari-merienda edo mokadua eginez bukatuko dute eguna.