Aurrekontu osoaren diru partida garrantzitsuena eramango dute gizarte zerbitzuek. Izal Bai-ren aldeko zazpi boto eta EH Bilduren kontrako bi jaso ditu aurrekontuak
Idiazabalgo Udalak 2018rako onartutako aurrekontuetan gizarte zerbitzuek izango dute indar gehien, ia %21a. Eguneko zentrora, etxez etxeko zerbitzuetara eta familia interbentzio zerbitzuetara joango da, besteak beste. 678.128 euro izango dira gizarte zerbitzuetara bideratuko den diru kopurua. Aurrekontu osoa 3.423.252 eurokoa izango da eta %2,4ko igoera izan du, aurreko urtekoarekin alderatuta.
Gizarte zerbitzuetarako, gastua handia bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 289.845 euro eta Eusko Jaurlaritzak 15.944,80 euroko ekarpenak egingo dituzte. 2018an kanpotik iritsitako ekarpenak txikiagoak izango dira, baina Idiazabalgo Udalak zerbitzu horien finantziazioari eutsiko dio. Abenduko osoko bilkuran hartu zen erabakia, Izal Bairen zazpi botorekin. EH Bilduko bi zinegotziek kontrako botoa eman zuten.
Gizarte gaietarako dirua
Idiazabalgo Udalak gizarte zerbitzuetara bideratu duen diru kopurua horrela banatuko du; 403.000 euro eguneko zentrora, etxez etxeko zebritzuetara eta familia-interbentzio zerbitzura; 30.000 euro larrialdietako diru laguntzetara; 4.500 euro gizarteratzeko behar bereziak asetzeko; azkenik, 34.232,52 euro garapen bidean dauden herrialdeetan ekintzak eta proiektuak garatzeko bideratuko da.
Partida garrantzitsuenak
Diru kopuru handiena gizarte zerbitzuetara bideratuko bada ere, atzetik doa zerbitzuak, ingurumena eta osasunari zuzenduko zaion diru partida. Aurrekontuaren %14a bideratuko dute, 494.478,43 euro alegia. Bestalde, kultura, euskara eta gazteriarentzat %13a bideratuko dituzte (442,738,86 euro). Idazkaritza eta administraziorako ere, aurrekontuaren parte garrantzitsu bat joango da, 440.398,85 euro hain zuzen ere.
Ekonomia garapenaren zerbitzuetara aurrekontu osoaren %11 bideratuko dute (390.738,68 euro). Horren barruan, lehen sektorean erabiliko da zatirik handiena, 221.742 euro hain zuzen ere. Landa garapena, landa egitura eta ekoizpen sistemak hobetzeko erabiliko dute. Bestalde, turismo eta merkataraitzarako 145.649 euro, turismoaren sutapen eta garapenerako, kanpainak egiteko eta bulegoak sortzen dituen gastuei aurre egiteko. Industriaren garapenerako, berriz, 23.347 euro bideratuko dira.
Beste partida batzuk
Partida txikiagoak, baina ez horregatik garrantzia gutxiago-koak, ondorengoak izango dira: brigada, obrak eta hirigintza %10 (349.068,75 euro); hezkuntza %8 (285.588,02 euro); kirola %7 (231.275,11 euro); azkenik, aurrekontuaren %3a gobernantzara bideratuko dute (110.837,7 euro).