Ordizia eta Islandia artean bizi da Imanol Mendizabal. Oraintxe Ordizian dago eta Islandian ateratako argazkiekin erakusketa du jarrita Barrena kultur etxean.
Argazkilari dokumental afizionatua da Imanol Mendizabal (Ordizia, 1990). Digitalizazioaren aroan, Ordiziako gazte honek betiko metodoa erabiltzen du argazkiak inprimatzerako garaian. Laborategian sartu eta lan guztia berak egitea atsegin du. Horrela osatu du, hain zuzen ere, hilaren 17ra arte Ordiziako Barrena kultur etxean ikusgai egongo den
Valkyrja erakusketa. Bere lehenengo argazki erakusketa da eta Islandian ateratako argazkiek osatzen dute. Izan ere, oraintxe Ordizian badago ere, Islandian bizi da Mendizabal, eta laster bueltatuko da.
Zer da Valkyrja erakusketan ikusi ahal izango duguna?
Azken urteetan Islandian lanean eta bizitzen izandako esperientzia islatzen du erakusketak. Txuri-beltzezko argazkiak dira guztiak. Izan ere, Islandiari buruzko ohiko erakusketetatik aldendu nahi nuen; aurora borealetatik eta ohiko gaietatik atera, hango eguneroko bizitzari eta mitologiari protagonismoa emanez. Erakusketa ikusten duenak argazkietatik harago begiratzea nahi dut.
Nolatan joan zinen Islandiara bizitzera?
Lehenengo aldiz oporretan joan nintzen orain dela urte batzuk. Hura ezagutu eta segituan pentsatu nuen han bizi nahi nuela eta bueltatuko nintzela. Kooperante moduan joan nintzen hurrena, Islandiako erakunde batekin eta ingurugiro gaietan aritu nintzen lanean. Basogintza eta lorezaintza ikastetak baititut, eta oso gustuko dudan arloa da. Lehenik eta behin boluntario joan nintzen, mundu hori ezagutu eta harremanak egiteko.
Jende asko ezagutu al zenuen horrela?
Bai, hala da. Sei hilabete pasa nituen boluntario lanak egiten eta jende asko ezagutzeaz gain, gaur egun bizi naizen tokia ere ezagutu nuen, Djupavik. Izan ere, boluntario taldeak antolatzen aritu nintzen denbora batez. Talde horiek kanpamenduetara eramaten nituen eta kanpamendu horietako bat, Djupavik-en dago.
Eta non dago Djupavik?
Mendebaldeko fiordoan kokatzen da, zibilizaziotik urrun. 1917an sortu zen herria, arraina prozesatzeko fabrika ireki zutenean. Urte batzuk eta gero, itxita egon zen 1990.eko hamarkadara arte eta gaur egun museo bat da. Oraintxe, bi biztanle ditu herriak, museo horretako jabeak direnak. Horrez gain hotel txiki bat ere badago.
Hiriburutik hiru-bat ordura dago. Gertuen dagoen herria, herri oso txikia da eta hura ere ordu eta erdira dago, elurrik ez dagoenean. Errepidea itxita egon ohi da garai honetan.
«Hango eguneroko bizimodua eta
mitologia erakutsi nahi ditut»
«Argazkilaritza betidanik gustatu zait
baina Islandian piztu zait sena»
Laster berriro ere joatekoa zara, nola iritsiko zara?
Errepidea itxita badago, hara iristeko mendia zeharkatu beharko dut elurretako motoan. Komeriak izango ditut seguru.
Nolakoa da hango bizimodua?
Lasaia eta naturarekin kontaktu zuzena duena. Nik, lehen aipatutako hotel txiki horretan egiten dut lan. Jatetxea ere badu eta sukaldean nago ni. Ondoan dagoen arrain lantegi abandonatuan bisita gidatuak ere egiten ditut.
Erakusketan hango bizimodua erakutsi nahi izan duzu.
Bai, hala da. Bertako jendearen historia kontatu nahi izan dut, haien estereotipoak, lanbideak egunerokoa alegia. Nire arreta erakartzen duen zerbait da. Oso herrialde berezia da zentzu guztietan. Paisaia zoragarria du, baina beste gauza asko ere baditu.
Zergatik Valkyrja izenburua?
Valkyrja Europa iparraldeko mitologian pertsonaia garrantzitsua delako. Islandiako poesia zaharrean, garai bateko emakumeez hitzegiten zen, Valkyrjak ziren eta armekin irudikatzen zituzten.
Nondik datorkizu argazkilaritzaren afizioa?
Beti gustatu izan zait. Baina egia da Islandian piztu zaidala argazkilari sena. Argazki asko eta asko atera ditut han egon naizen bitartean eta jendeak ezagutzea ere nahi nuen.
Teknika tradizionalekin aritzen zara gainera. Nolatan?
Gauzak eskuz egitea nahiago izan dudalako beti. Nire kabuz ikasi nuen, Interneten han eta hemen bilatuz. Horrela, negatiboak errebelatzen hasi nintzen. Ordiziara etorri nintzen batean, Ortzadar argazkilari elkartearen berri izan nuen. Elkartean, laborategi bat zutela esan zidaten eta horrela hasi nintzen.
Beste erakusketarik egiteko asmorik bai?
Agian bai. Momentuz, Ordizian dagoen erakusketa Islandiara eramango dut eta udaran, The Factory arte erakusketan.