Afrikar dantzen ikastaroa egiten dute ostiraletan Antzizar Kiroldegian Lurgi Lur Argi irakaslearekin. Taldea handitu nahi dute eta izena eman daiteke oraindik. Asmubek antolatzen du
Asmube elkarteak antolatuta, Antzizar Kiroldegian ostiraletan, 17:00etatik 18:30era, afrikar doinuen erritmoko dantzak ikasten aritzen dira hainbat goierritar, Lurgi Lur Argi irakaslearekin. Musika zuzenean jotzen dute Bibiche eta Ali musikariek. Taldea handitu nahi dute, eta izena emateko aukera dago oraindik, 600 840 441 telefonora deituta edo
somoskawadeni@gmail.com posta elektronikora mezua bidalita. Datorren astean, hilaren 15ean, Urretxun hasiko da dantza afrikarren ikastaroa.
Afrika Ipar Mendebaldeko dantzak ikasten dituzte, djembe eta dundunga musika tresnekin sortutako zuzeneko musika lagun dutela. «Dantzaren eta musikaren arteko elkarrizketa bat sortzen da. Gorputza askatu behar da eta burua libre utzi», dio irakasleak. «Oso lotuta dago musika dantzarekin. Hori beti da, baina kasu honetan gehiago. Djembeak dantzari jarraitzen dio eta komunikazioa sortzen da», zehaztu du villabonarrak. Ikasturte amaierarako, ikuskizunen bat prestatzeko «esperantzarekin» ari dira lanean.
Hamahiru urte erakusten
17 urterekin hasi zen Lurgi afrikar dantzekin; 30 urte ditu orain. «Txikitatik harremana izan dut musikarekin. Irakasle bat izan nuen Villabonako musika eskolan eta perkusio instrumentu desberdinak ekartzen zizkidan. Behin djembea ekarri zuen, 14 bat urte edukiko nituen». Ondoko herrian dantza afrikarren ikastaroa zegoela ikusi eta bertan izena eman zuen beste lagun batzuekin batera: «Ikaragarria izan zen! Musika eta dantza elkartu zitzaizkidan». Laster hasi zitzaien eskolak ematen hasteko erronka botatzen, «eta orain dela pare bat urte hasi nintzen. Saltoa ematea kosta egin zitzaidan, baina Afrikara joan nintzen pare bat aldiz, Senegalera, eta horrek eman zidan bukaerako bultzada hori. Oso gustura nabil, ni ere pilo bat ikasten, eta dakidana elkarbanatzen», zehaztu du Lurgik.
Azken batean, dantzaren aitzakian, Afrikako kulturara gerturatzeko aukera eskaintzen du.