'Un mundo casero, un pasado proximo' hitzaldia egingo du datorren asteartean kultur etxean, 19:00etan. Burdinola elkarteak antolatu du euskal baserrien inguruko saioa.Como un jardin. El caserio guipuzcoano entre los siglos XIX y XX liburua zure doktore...
‘Un mundo casero, un pasado proximo’ hitzaldia egingo du datorren asteartean kultur etxean, 19:00etan. Burdinola elkarteak antolatu du euskal baserrien inguruko saioa.
Como un jardin. El caserio guipuzcoano entre los siglos XIX y XX liburua zure doktoretza tesiaren emaitza da. Nondik datorkizu nekazaritza munduarekiko interesa?
Urretxun jaio nintzen 1958an eta gure etxean beti egon da baratza. Ez dut behi bat sekula jetzi, baina mundu horrek beti sortu dit jakin-mina. Nekazaritza ingeniaritza ikasi nuen arren, ez nuen proiekturik idatzi. Historia egin nuen gero eta bigarren hezkuntzako irakasle bezala atera dut bizimodua. Lana utzi gabe antropologia ikasten hasi nintzen 2004. urtean eta tesia egiteko orduan, ingeniaritza proiektua amaitu gabe nuenez, nekazaritza eta historia uztartu nahi izan nituen. 2012an tesia idatzi nuen.
Hiru urtez Antropologia fakultatean irakasle ibili naiz Euskal Herriko Unibertsitatean. Artikuluak idazten ditut ugari, hitzaldiren bat edo beste egin ere bai, eta azken urteotan bost liburu idatzi ditut, denak nekazaritzaren gaiari lotuak. Unibertsitateko ikerketa lan batean ikerlari ere banabil.
Zenbat mito dago euskal baserriaren inguruan?
Asko! Ez dira bakarrik baserrien inguruko mitoak, nekazaritzari buruzkoak ere asko dira. Hor dago beti hiriaren eta landa eremuaren arteko dikotomia, berriaren eta zaharraren artekoa aldi berean. Dikotomia hori ez da berria, Antzinako Greziatik zein Erromatik dator.
Hiriko hainbat bizilagunek baserria positiboan ikusi izan dute, hiriko konbentzioetatik urrun, mundu hori giza-pertsona gisa hazteko giro apropos bezala ikusi izan da. Hori mito bat da eta badago kontrako mitoa ere; arlote, xelebre eta halako hitzak lotu zaizkio baserri munduari.
Cashero hitza ere badago, iseka gisa erabili izan dena. Latinezko
pagus hitzak landa esan nahi du eta hortik datoz
pagano,
paisano eta beste hainbat hitz.
Beste mitoren bat?
Txomin Agirreren
Garoa (1912) eleberrian baserritar, euskaldun eta fededunaren arketipoa agerian geratzen da. Goiko mendietako bizimodu puru horren al-dean jartzen da hirietako galbidea. Hori ere mito bat da.
Beste bat: etxeko andrea, jauna edo nagusia esan izan zaie baserritarrei eta gure baserrietako bizilagunak gehienetan maizterrak ziren, hau da, jauntxoari errenta bat ordaintzen zioten baserrietan bizi eta haiek ustiatzeko.
Mitoen zerrendak ez al du amaierarik?
Gurean nekazaritza mundua etnologia zein antropologiatik ikertu da gehienetan. Mundu hori esentziala balitz bezala, beti-betikoa. Historiatik ez da horrenbeste aztertu eta gurean lehenengo baserriak orain 500 bat urtekoak dira. Orduan hasi ziren mendia kolonizatzen.
Zaila da euskal mendiak baserririk gabe imajinatzea.
Erdi Aroko gerra banderizoak XV. mende amaieran bukatu ziren eta Gipuzkoan bakea zabaldu zenean hasi ziren baserriak ugaltzen. Ordura arte hiri bilduetatik kanpo etxe handiak zeuden eta inguruetako lurrak lantzen ziren, abeltzaintzak ere pisu handia zuen. Hortik baserri hitza, baso eta herri biltzen dituena. Garai hartan egurrez egindako palafitoak ere bazeuden, etxolak, hau da, etxe eta ohola hitzaren batuketa.
Fase ezberdinak pasa eta gero, XIX. mendera arte iraun zuen baserri bizimodu hark. Artoa Ameriketatik XVII. eta gehiena XVIII. mendeetan iritsi zen, artoaren iritsiera garrantzitsua izan zen. XIX. mendean herri lurrak saldu eta erosle askok baserria egin zuten eta ugaritu egin ziren; 15.000 inguru sortu ziren. 1920. urtean Gipuzkoako bizitza modernoaren ardatza baserriak ziren. Gero industria zabalduko zen eta baserri munduaren gainbehera iritsi zen.
Baserrietako bizimoduaren gaineko mitoak ere izango dira.
Aro garaikidean pentsatu izan da pobreenak proletarioak zirela eta nekazariak erdi mailako jendea zela. Baserrian bizi izan den edonork daki, ordea, askotan obreroak baino okerrago bizi zirela. Gipuzkoan nekazari gehienak pobrezia duin batean bizi ziren.
Pobrezia duina?
Ondo araututako pobrezia. Zor asko zituzten, baina jatekoa ez zitzaien falta. Kalera jaisteko arropa bazuten, baserrira itzuli eta berehala kutxan sartzen zutena. Dena oso neurtua zegoen, gehienetan oso zorrotzak ziren. Bazeuden, baita ere, baserri batzuk indar handia zutenak.
Baserrietako autarkia ere mitoa da. Baserritarrek kanpoan ere egin dute lan beti: ikazkinak, olagizonak, meatzariak eta abar ere izan dira. XIX. mendera arte aukerarik urriak ziren. Hala olak bueltatu ziren, beste irtenbidea emigrazioa izan zen. Gero trenbideak egiten, meatzaritzan eta industrian aritu ziren. Aro garaikidean, neurri batean, industriak salbatu du baserria.
Eta emakumezko baserritarrak?
Emakumezkoek baserrian izan duten tokia hirian izan dutena baino nabarmenagoa da.