Urteak dira Floren Gutierrez legazpiarrak iraganeko pertsonaiak nola lanbideak mozorrogai hartzen dituela. Aurtengoan Don Antonio Legazpiko apaiz izandakoaren rola jokatu du, aitorleku eta guzti.Legazpiko Inauteriak ez dira hasten Floren Gutierrez kale...
Floren Gutierrez legazpiarra, Don Antonio apaizaz mozorrotuta.
Urteak dira Floren Gutierrez legazpiarrak iraganeko pertsonaiak nola lanbideak mozorrogai hartzen dituela. Aurtengoan Don Antonio Legazpiko apaiz izandakoaren rola jokatu du, aitorleku eta guzti.
Legazpiko Inauteriak ez dira hasten Floren Gutierrez kalera mozorrotuta ateratzen den arte. «Erretiroa hartuta nago eta orain goizean goizetik irteten naiz mozorrotuta. Badago halako ikusmira bat zein rol jokatuko dudan ikusteko». Bere mozorroak ez dira nolanahikoak, izan ere legazpiar askoren oroitzapenetan dauden pertsonaiak zein ofizioak mozorrogai hartzen ditu.
Aurten Don Antonio orain hamarkada batzuk Legazpiko parrokoa izandakoaren rola jokatu du. Aitorleku eta guzti atera da kalera. Nolatan hasi zen galdetuta, Gutierrezek bere amona aipatu du: «Koltxoiak egiten zituen eta etxez etxe ibiltzen zen, oso ezaguna zen Legazpin eta nik ofizioa ezagutzen nuenez koltxoi egilez mozorrotu nintzen lehenengo aldi hartan, amonaz hain justu». Dioenez, halako mozorroek jendea hurbilarazten dute eta garai bateko istorioak kontatzen jartzen ditu.
«Iraganeko bizimoduaren isla dira eta denborarekin galtzen ari diren oroitzapenak izanda, gogora ekartzea ederra dela uste dut». Beste inauteri batean Legazpin urtetan gozokiak saldu zituen Martxeliren rola jokatu zuen, saltokia ere atera zuen kalera. Turroi saltzailearen rola jokatu du eta inauteriek elurte batekin bat egin zuten urte batean bera eguzkitako eta guzti atera zen kalera eguzkia hartzen ari zen emakumezkoaren rola jokatzen, bikinian.
Inauteriak amaitu dira eta Gutierrezek datorren urtekoa buruan dauka jada. Denbora hartzen du mozorroa prestatzeko, gustu handiz hartu ere.