Zigor Merodioren eskulturak, eta Araitz Areitioren eta Jon Troitiñoren bertsoek osatzen dute 'Zorroztarri' erakusketa. Larunbatean Beasainen inauguratuko dute Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan.
Argazkia: Edu Martinez.
Euskal presoek bizi duten «sakabanaketaren distantziak gaindituz», elkarlanean aritu dira Frantziako eta Espainiako hiru kartzeletan preso dauden Zigor Merodio, Araitz Areitio eta Jon Troitiño. 2017ko urtearen hasieran St Martin de Re espetxetik abiatu ziren Merodiok egindako eskulturen argazkiak, Troitiño dagoen Murtziako espetxera eta Areitio dagoen Bretainiako Rennes kartzelara, «Merodiok zorroztutako zizelez adierazi nahi diguna, Troitiñok eta Areitiok zorroztatutako hitzez osatutako bertsoen bidez azaldu ahal izateko». Elkarlan horretatik sortu da
Zorroztarri erakusketa.
Hirukoteari Edu Martinez argazkilaria ere gehitu zaio, «eskultura bakoitza oroitarazten digun eszena hautatu eta argazkiak hartu ditu, bertsoei euskarri ederra eskainiz». Merodiok egindako 19 eskultura biltzen ditu erakusketak. Artisten esanetan, «gorputzak hiru espetxe desberdinetan ditugun arren, gure pentsamenduak, konbikzioak eta bihotzak eskultura bakoitzaren hegietan, bertsoen hitzetan eta paisaia eta leku hauetan aurkituko dituzu».
Lanabesak zorrozteko erabiltzen den harria da zorroztarria eta hiru protagonistek gogoratu dutenez, «zorroztarri ere badira erakusketa hau posible egiten duten lagun eta senideak. Haiek gabe ez zen posible izango. Haiek ibili dira kilometroak gora eta behera kilo askoko eskulturak mugitzen. Haiek erraztu dute gu hiruron arteko kontaktua. Haiek abestu dute Jonek ezin grabatutako bertsoak».
Larunbatean, 19:00etan, Arrano Elkarteak antolatuta eta Beasaingo Udalak babestuta, erakusketa inauguratuko dute Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Hilaren 25era arte, egunero egongo da irekita 19:00etatik 21:00etara. Martxoaren 9tik 26ra, Seguran izango da.