Lazkaoko Udalak martxoaren 8rako ekintza bezala aurkeztu du. Eguneroko bizitzan gertatzen diren egoerak azaleratu nahi dituzte. Lilatoieko parte hartzaileentzat kamisetak ditu udalak
Martxoaren 8ra begira jarri da Lazkaoko Udala. Emakumearen Nazioarteko Eguna izanik, egunerokotasunean gizartean gertatzen diren egoera sexistak azaleratu nahi dituzte lazkaotarrek.
Mezu sexistak ikusaraztea du helburu Lazkaoko Udalak. Horretarako, kartela osatu nahi dute jasotzen diren esaldi, titular eta irudiekin.
Martxoaren 8a aitzakiatzat hartuta, udaleko berdintasun arloak herritarrak gonbidatu ditu ekintzan parte hartzera. Martxoan kaleratuko bada ere kartela, aurretiko lana eskatzen du ekintzak, eta berdintasunaren alde lan egitera egin diete dei herritarrei.
Adibidea plazaratu dute
Jaso nahi dutenaren antzerako adibidea jarri du udalak lazkaotarrek eredu gisa har dezaten.
Gertatzen denaren jabe izateko, beraz, kirol egunkari batek urtarrilean argitaraturikoa erakutsi nahi izan du Lazkaoko Udalak. Lau aktorek ikasgela bereean egin zuten topo, ingelesa ikasteko ikasgela batean. Horietako bi emakumezkak ziren, beste biak gizonezkoak. Egunkarian berriz, titular sexista argitaratu zutela azaltzen du udalak. Bi aktore gizonezkoei egiten zien erreferentzia, eta ondoren Real Madril futbol taldeko jokalarien bi andregai zirela beste biak azpimarratzen zuen hori argitaratu zuen hedabideak.
Emakumeak ofiziorik gabe uzteaz gain, Lazkaoko Udalak salatu du egunkari horrek andrazkoei gizonezkoekiko egiten dieten lotura. Futboleko bi jokalariren andregaiak besterik ez direla esanez alegia.
Berdintasun batzordeak, herritarren zein eragileen indarrak batzea du helburu ekimen honekin. Esaldi zein irudia non ikusi den azalduz, posta elektronikoz bidaltzea eskatzen dute, ondorengo helbidera:
gizarte@lazkao.eus.
Datorren asteartera arte izango dute lazkaotarrek horretarako epea, otsailaren 20ra arte. Ondoren, jaso diren mezu sexisten azterketa egingo da eta kartela gauzatuko da. Marxoaren 8rako Lazkaoko hainbat lekutan jarriko da eginikoa jendeak ikusi, irakurri eta hausnartu dezan.
Lilatoirako deia
Donostian antolatzen den 5 kilometroko emakumezkoen lasterketarako dei ere egin die lazkaotarrei udalak.
Bertan parte hartuko dutenei kamiseta bereziak emango dizkiete. Derrigorrezkoa izango da lasterketan parte hartzea elastikoa aurrez lortzeko, noski. Ekimen horrekin emakume lazkaotarrei herriko irudia daraman kamiseta emanaz presentzia eman nahi zaie.
Kamiseta eskuratu nahi duenak udaletxera joan beharko du, lasterketako izen-emate orria hartuta. Etzi, ostiralez amaituko da horretarako epea. Behin hori eskuratuta, lasteketa egunean herriko parte hartzaileekin argazki bat ere atera nahi da.