Beasaingo Usurbe Antzokian izango dira bi saioak: biharkoa 22:15ean eta igandekoa 17:00etan.
Beasaingo Udalak eta Ordiziako Udalak antolatutako Antzerki Garaiaren barruan, bihar,
Txarriboda lana eskainiko du Hika Teatroa taldeak Usurbe Antzokian, 22:15ean. Agurtzane Intxaurragak zuzenduta, Sandra Fernandez Agirre, Patxi Gonzalez, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasi eta Iñaki Maruri ariko dira oholtza gai-nean. 80 minutuko iraupena izango du antzezlanak. Sarrerak 10 euro balio du.
Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute. Gaur ezkondu egin dira eta Patxi Bilbao emaztegaiaren aita, arduratu da ospakizun galaz. «Gaur txerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!». Horixe da iristen diren gonbidatuei egingo dien harrera. Guztiak bertan daudela dirudienean, ordea, Txusa azalduko da aretoan. Gizon gorputzean bizi den emakumea da Txusa eta Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara. Emakumea atsegin du eta aukera polita iruditu zaio Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta bere aitarena gainditu ahal izateko. Ezuste honek eta beste hainbat sorpresek ospakizuna kolokan jarriko dute.Ezkontza baino, txarriboda emango du.
Herritarren parte hartzea
«Euskal ezkontza batean gerta daitekeen guztia kabaret ba-tean» esaldiarekin laburbildu daiteke biharko antzerkia. Hika Teatroa taldeak antzezlana egiten duen herrietako herritarren parte hartzea bilatzen du, ezkontza ospakizuna alaitzeko. Honela, Beasaingo kasuan, herriko bertsolari batek eta aurreskua dantzatuko duten bi dantzarik hartuko dute parte antzezlanaren momentu desberdinetan.
Haur antzerkia
Igandean berriz, 17:00etan,
Drag-e uraren bila haur antzerkia eskainiko du Logela Multimediak. 2800 urtea da eta Lur planetan ez da ur arrastorik antzematen. Oraindik badago itxaropen txiki bat. Drag-e robotak eta bere lagunek ura lortzeko misioa abian jarri dute.