«Eremu irisgarria, segurua, jasangarria, bertako merkataritzari bultzada emango diona» izango da. Oinezkoek lehentasuna izango dute. Zirkulazioan aldaketak izango diraErauskin plaza inguruko eremuko proiektua aurkeztu zuen atzo udal gobernu taldeak, ...
Erauskin plaza inguruko eremuko proiektua aurkeztu zuen atzo udal gobernu taldeak, Udaleko Lurralde batzordean eta udalak gune hori definitzeko burutu zuen hausnarketa prozesuan parte hartu zuten pertsonen aurrean. Udal gobernuak, honela, bidea ireki dio herrian «eragin nabarmena izango duen proiektu esanguratsuenetako bati». Izan ere, egitasmo horrek «herriko ingurune bat biziberritu eta bultzatzea du helburu, non pertsonak eta hauen ongizatea diren protagonistak».
Proiektuaren jatorria, hausnarketa prozesuan eman ziren ondorioetan dago oinarrituta. «Hala baina, eremu hau nabarmendu eta biziberritzeko nahia ere badago; espazio publiko irisgarria, segurua, jasangarria eta, era berean, oinezkoentzako bihurtu ziren bi eremu nagusi lotzeko, hau da, Nafarroa etorbidea eta
Pergolak, Kale Nagusiarekin bat egiteko. Herritarrentzako topagune izatea, bertako merkataritza bultzatuko duena eta zirkulazioa berrantolatuz oinezkoak ibilgailuen gainetik lehenetsiko dituena.»
Plaza berriaren diseinua egiten hasterakoan, kontuan izan dute «eremu hau herrian jadanik oinezkoentzako bihurturik dauden bi ardatz nagusien lotunea dela, pergoletako ibilbidea eta Kale Nagusia. Honela, herria alderik alde zeharkatzen duen ardatz nagusia, hiltegi zaharreko zubitik Barrendain plazaraino oinezkoentzako egokituko da».
Zirkulazioan aldaketak
Plazan egingo diren lanekin batera, trafikoari lotutako zenbait aldaketa ere egingo dira, «bereziki inguru honetako bizilagunei eta garajeetako jabeei eragiten diena. Sarbidea Nafarroa etorbidetik erraztuko da. Beste aldaketa Trenbide kaleko aparkalekuei dagokiena da. Lerro hau pergolen aldera pasako da. Bestalde, Oriamendi kalean bi norabideetako zirkulazioa jarriko da Erauskin plazara iritsi ahal izateko».
Izan ere, aldaketarik nagusiena, «Erauskin plaza ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen ibilgailuentzako errepidea kentzea izango da. Honela, oinezkoentzako eremu zabal bat lortuko da, baina ibilgailuei bertatik pasatzeko sarbidea kasu oso berezietan utziz».
Zoladura guztia aldatuko da, garaiera eta desnibel guztiak kenduz lur zorua garaiera berdinean uzteko. «Pertsonei zuzendutako giro eta egoteko espazio ezberdinak sortuko dira, beti ere irisgarritasuna lehenetsiz. Horrela, abangoardiazko hiri altzariak kokatzearen aldeko apustua egingo da, inguruari egokitua eta egungo arboladiarekin bat eginez, aisiarako espazioak sortuz edozein ekimen egiteko aproposa izateko».
Bestalde, plaza berriaren ekialdean, eremu osoaren gainetik altxatua geratuko den plataforma edo oholtza bat kokatuko da. «Plataforma edo oholtza hau, oraingo pergoletako ibilbidearen amaieran kokatuko da. Altzairuzko txaparekin egindako arku-egitura batez estalia egongo da, eta Nafarroa etorbidetik ikusita atze-oihal baten itxura izango du. Kale Nagusitik, berriz, sarrerako atearen itxura emango dio plaza berriari». Eszenatoki berriak 10×6 metro neurtuko ditu. «Plataforma hiritar bat izateko asmoz eraikiko da, irisgarria, eta balio anitza, edozein jarduera bertan egin ahal izateko».
San Martinen estatua
Egun, Estatuaren plaza izenarekin ezagutzen den tokian, 1962an eraikitako Loinazko San Martinen omenezko monumentua aurkitzen da. Plazaren berrurbanizazioak monolito honen presentzia nabarmentzea aurreikusten du. «Bere lekuan jarraituko du eta zenbait egokitzapen egingo zaizkio; atzeraino luzatuko den altzairuzko txapaz egindako basamentu berria diseinatuko da, gona baten antzera ,eta honi lotuko zaio eskulturaren atzean dagoen santuaren omenez zizelkatuta dagoen eskaintzaren horma».
Lanak uda baino lehen hasi
Udal gobernuaren esanetan, «proiektuaren onespena gauzatzeko prozesuak lanen esleipena ekarriko du berarekin eta ondorengo lanen gauzatzea. Horretarako pauso bakoitzari dagozkion epeak bete behar dira, eta horregatik uda baino lehen lanak ez direla hasiko espero da».