Oraindik ere badute zer esana
Ze Esatek! musika taldeak 'Ibilita ikasten da erortzen' diskoaren aurkezpen kontzertua eskainiko du gaur Legorretako herri antzokian, 22:00etan.Hamar urte daramatza Ze Esatek! musika talde gipuzkoarrak herritarrak dantzan jartzen. Hamar urte abestiak s...
Ze Esatek! musika taldeak ‘Ibilita ikasten da erortzen’ diskoaren aurkezpen kontzertua eskainiko du gaur Legorretako herri antzokian, 22:00etan.
Hamar urte daramatza Ze Esatek! musika talde gipuzkoarrak herritarrak dantzan jartzen. Hamar urte abestiak sortzen, herriz herri kontzertuak ematen… eta oraindik ere ez zaizkie esatekoak amaitu. Azaroan kaleratu zuten azken diskoa, eta abenduan Durangoko azokan aurkeztu ondoren, aurkezpen birarekin buru-belarri dabiltza orain. Amurrion (Araba), Oñatin (Gipuzkoa), Gasteizen eta beste hainbat herritan izan dira orain arte. Gaur gauean, berriz, Legorretan eskainiko dute aurkezpen birako kontzertua, herri antzokian, 22:00etan.Taldekide gehienak donostiarrak badira ere, bi goierritarrak dira. Batetik, Iñaki Vierbücher Vierbu legorretarra; gitarra jotzeaz gain, ahotsa ere jartzen du abesti batzuetan. Bestetik, Manex Berzosa ordiziarra, tronboi jotzailea.
Vierburentzat berezia izango da gaur gaueko kontzertua, bere herrikideen aurrean joko baitu. «Herrian jotzen dudanean halako urduritasun puntu bat izate n dut; Donostiako edo Bilboko Aste Nagusian jotzean baino urduriago jartzen naiz herrian, ezagunen eta lagunen aurrean jo behar dudanean», adierazi du. Berzosa ere pozik agertu da, gaur «lagunartean» joko dutelako: «Etxean jotzea beti da berezia, eta gainera gu gehiago ibiltzen gara Goierritik kanpora».
Gustura daude taldekideak azken diskoarekin. Zortzi abestiz osatuta dago, eta izena ere berezia du. Esaera ezagunari buelta emanda, Ibilita ikasten da erortzen izena jarri diote diskoari. Sustrai Colina bertsolariak diskorako idatzitako abesti batetik hartu dute izena eta, Vierburen esanetan, taldea ederki deskribatzen du esaldi horrek: «Hamar urte hauetan bata bestearen atzetik sartu dugu hanka, baina aurrera jarraitzen dugu; oso identifikatuta sentitzen gara diskoaren izenburuarekin».
Lehenengo aldia da taldekoa ez den norbaiti diskorako letrak idazteko eskatu diotena. Colinak idatzi ditu hiru abestiren hitzak. «Hitzak beti pertsona berak idazten baditu, azkenean abesti guztiek antzeko kutsua izaten dute», azaldu du Vierbuk. Kasu honetan aldaketa bat bilatu dute, eta emaitzarekin gustura daude. «Sustraik beste prisma bat eman die gure letrei, gu iritsiko ez ginatekeen lekuetara iritsi da hitzekin».
Gitarrari pisu handiagoa
Letrena ez da Ze Esatek! taldearen aldaketa bakarra izan. Diskotik diskora, beti saiatzen dira zerbait ezberdina egiten, gauza berriak probatzen. Eta oraingoan, gitarraren soinuari aurrekoetan baino garrantzia handiagoa ematea erabaki dute. «Haizezko instrumentuek beste paper bat jokatzen dute disko honetan, eta gitarrari pisu handiagoa eman nahi izan diogu».
Hamar urte hauetan, ikasi ere egin dute Ze Esatek! taldekoek, eta egiten duten musika ere ikasitako horretara moldatzen dute, noski. Gero eta gehiago, egiten dituzten abestiak zuzeneko emankizunetan pentsatuta sortzen dituzte. «Gu zuzeneko talde bat gara, eta zuzenekoan funtzionatzen duten abestiak egiten saiatzen gara».
Taldekideak gustura daude, hortaz, diskoarekin. Eta, antza denez, jarraitzaileak ere bai. Durangoko aurkezpenean diskoak harrera ona izan zuen. Aldizkarietan ere kritika onak agertu direla adierazi du Vierbuk, eta kaleko jendeak ere oso ongi hartu duela. Orain arte eskainitako kontzertuetan, dagoeneko, nabaritu dute entzuleek badakizkitela abesti batzuen hitzak. «Hori oso seinale ona da».
Berzosaren esanetan, «sekula baino gehiago» entsaiatu dute bira honetarako, eta nabaritu dute aldea. Aurkezpen bira amaitutakoan, udaberrian, plazetara aterako dituzte abesti berriak, eta euskaldunak dantzan jartzen jarraituko dute festaz festa eta kontzertuz kontzertu. Izan ere, hamar urteren ondoren, Ze Esatek! taldeak badu oraindik zer esana.