Larunbatean Beasaingo Gaztetxean aurkeztuko dute 'Cuando ya no quede nadie' diskoa, Julen Prado gazte auzipetuari elkartasuna adierazteko jaialdian. Sarrerak 5 euro balio du.
Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, indartsu dator berriz ere Hell Beer Boys musika talde goierritarra, seigarren diskoa eskuan duela.
Cuando ya no quede nadie diskoa zortzi kanturekin osatu dute Gorka Garcia beasaindarrak (abeslaria), Iker Martin beasaindarrak (gitarra), Javi Blasco tolosarrak (baxua), Hodei Garcia ordiziarrak (gitarra) eta Eneko Marsall ordiziarrak (bateria).
2002an sortu zen Hell Beer Boys taldea; Marsall 2005ean sartu zen taldean eta Hodei Garcia 2017an. Hasierako esentzia gordeta, «progresioa» egon da taldean. «Bigarren gitarrista sartuta aldaketa egon da; beste ukitu bat ematen dio. Baina estiloa eta antzekoa da», dio Marsallek. Hala ere, «azkeneko diskoa rock&rolleroagoa dela esan daiteke, aurrekoak makarragoak ziren», gaineratu du Garciak: «Lehen zuzenagoak edo motzagoak ziren kantuak,
tralla gehiago zeukaten, punkiagoak». Hitzei dagokienean Gorka Garciak egiten ditu, «nahiko nostalgikoak dira. Erreibindikazio sozialekoak ere badaude bat edo beste». Oraingoan kantu guztiak gazteleraz egin dituzte.
Iruñeko Sound of Sirens estudioan grabatu dute azken lana, hiru euskarritan: Cd-a, biniloa eta kasetea. Beasainen Hiruki, Arrano eta Xuber tabernetan daude salgai, Ordizian Herrikon eta Urretxun Apatxe tabernan. Cd-ak 6 euro balio du, biniloak 12 euro eta kaseteak 5 euro.
Larunbatean Beasaingo gaztetxean egingo dute disko berriaren aurkezpena, The Sinners eta Norther Pride taldeekin batera egingo duten kontzertuan. Larunbateko sarrera mugatua da; 450 lagunentzako txartelak jarri dituzte salgai 5 euroan Beasaingo Hiruki, Xuber eta Arranon, Ordiziako Herrikon eta Urretxuko Apatxen. Sarrera gutxi gelditzen dutela jakinarazi dute.
Bestalde, martxoaren 3an Azpeitian, apirilaren 7an Lakuntzan (Nafarroa), apirilaren 21ean Oñatin, maiatzaren 11n Beasaingo festetan txosna gunean, maiatzaren 18an, Iturraman (Nafarroa) eta ekainaren 2an Errioxan dituzte kontzertuak hitzartuta.