Lehiaketa bidez erabakiko da 2018ko herriko festetako gidaren azala. Edozein estilotako eta koloretako lanak egin daitezkeela aurreratu du udalak. Martxoaren 2ra arteko epea dago
Herriko festen egitaraua eramango duen azala erabakitzeko kartelen lehiaketa antolatu du Lazkaoko Udalak. San Prudentzio jaiaetarako kartela edozein estilo eta koloretakoa izan daitekeela aurreratu dute.
Udaletxeko harreran aurkeztu beharko dira lanak, martxoaren 2ra arteko epean, 18:00etarako.
Aurreko urteetan San Benito Ikastolako haurrek aurkezten zituzten lanak, baina aurtengoan deialdia herritarrei zabaldu diete. Lanak edozein motatakoak izango dira: argazkiak, collageak, marrazkiak, pintura lanak…
Lehiaketaren oinarriak
Edozein eratako lanak izan daitezke, baina forma zehatza izan beharko dute: 148x210mm (A5) neurrikoa edo horren proportzionala izan beharko du kartelak, eta derrigor formatu bertikalean orientatua egon beharko da.
Lazkaoko jaien ingurukoa izan beharko da, noski, aurkezturiko irudia, eta agertu beharreko testua honakoa izango dela aurreratu du udalak: «San Prudentzio jaiak 2018».
Lanak inoiz argitaratu gabeak izan beharko dira, eta sarituak badira, udalaren jabetzan geldituko dira. Irabazleak, gainera,, 200 euroko saria izango du.
Kartela harreran aurkeztu beharko da, euskarri digital zein inprimatuan. Erabakia Kultura batzordeburuak zein kide batek, zinegotzi batek eta herriko artista batek hartuko dute.