Beasaingo Udaleko Hirigintza sailak gutuna bidaliko die 50 urtetik gorako etxeen jabeei. Herrian 207 eraikin daude Beasain Lagunkoia egitasmoko lan taldeak jakinarazi duenez
Datozen egunetan, udaleko Hirigintza sailak gutun bidez jakinaraziko die 50 urtetik gorako etxebizitza erabilera duten eraikin guztietako etxejabeei edo jabekideen komunitateei, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) egin behar dela. Izan ere, udalaren esanetan, legediak eskatzen duena betetzeko, «higiezinaren kontserbazio maila jasotzen duen txosten teknikoa egin behar da».
Udalak jakinarazi duenez, 50 urte baino gehiagoko eraikinen jabe edo komunitateek aparejadorea, arkitekto teknikoa edo arkitektoa kontratatu beharko dute ikuskapena egiteko. «Aditu horrek egitura, fatxada, estalkia edota teilatua, saneamendu eta hornidura sarea aztertu beharko ditu, arrakala edo pitzadurarik zein hezetasunik badagoen edo elementuren bat askatu edo erori den jakiteko».
2017ko ekainaren 28az geroztik, 50 urte bete dituzten bizileku-erabilera duten eraikinek, EITa egiteko urte beteko epea izango dute antzinatasun hau bete zuten egun beretik hasita.
207 eraikin
Beasain Lagunkoia egitasmoko lantaldeak burututako lanari esker, Beasainen 207 eraikin inguru identifikatu dituzte ikuskapena 2018an egin behar dutenak.
Ikuskaritza teknikoa egin behar duten komunitateak, lehenik eta behin, dagokion tekniko, arkitekto edo arkitekto teknikoari EITa egiteko agindua eman behar dio. Ondoren, dokumentua udaletxeko harrera bulegoan (I-gunea) aurkeztu behar da erregistratua izateko eta ondoren Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko.
Diru laguntzak
Era berean, udalak jakinarazi duenez, Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) eta ikuskapen horren ondoriozko obrak egiteko diru laguntzak eskainiko ditu. Laguntza horien gaineko informazioa jasotzeko I-gunera jo daiteke, 943 02 50 00 telefonora deitu edo mailez idatzi
udala@ beasain.eus helbidera.