Zientzia fikziozko film bat egin nahian hasi zen Luis Mari de Juan ordiziarra, baina hori egitea zaila izango zelakoan, eleberri bihurtu du 'Osiris, viaje a la eternidad' egitasmoa.
Badira urte batzuk Luis Mari de Juan ordiziarra film bat egiteko gidoia mamitzen hasi zela. Une hartan idatzita zuena pantaila handira eramateko zaila iruditu, eta eleberri bihurtu zuen
Osiris, viaje a la eternidad izenburua jarri dion liburua. Orain hamabost egun aurkezten zuen zientzia fikzioan oinarritutako istorioa.
Zure lehenengo eleberria da ‘Osiris’. Baina film bat izatea zen hasierako ideia.
Bai hala da! 2007. urtean amaitu nuen lehenengo zirriborroa. Nire asmo nagusia film baterako gidoi bat egitea zen. Hala ere gauzak ez ziren espero bezala atera. Izan ere, gidoigintzan aritzen den lagun bat daukat eta hari pasa nion testua. Hark esan zidan, gidoi batek beste formatu bat izan behar duela, giroa eta natura ondo deskribatu behar direla alegia. Beraz, buruari hainbat buelta eman ostean, eleberri modura argitaratzea erabaki nuen.
Zer kontatzen duzu liburu honetan?
3000. urtean kokatzen da. Androideak eta gizakiak dira protagonistak, eta Osiris planetara joango dira bizitza babesten duen material baten bila. Material horren bila abiatzeak, hainbat gatazka sortuko ditu gizartean, izan ere batzuk ez dute nahiko material hori lurrera ekartzea.
Nire mundu propioa sortu nahi nuen, egun ezagutzen dugun hortatik ihes egin, baina zaila egin zait. Istorioan, gauza asko aldatu ditut horretarako, nahiz eta errealitatetik guztiz ihes egitea ezinezkoa izan zaidan. Azkenean, egun gertatzen denaren antzeko zerbait kontatu dudala ere uste dut batzuetan.
Eta nola egiten dute bidaia hori?
Haiek prestatutako ontzi batean egiten dute. 300 urte iraungo duen bidaia da, eta beraz belaunaldi aldaketak ere egongo dira kontakizunean zehar. Hasieran agertzen diren pertsonaia batzuk hil, eta berriak etorriko dira.
Pertsonaien inguruan zer aurreratu dezakezu?
Mister Bono androideak pisu handia du liburuan, hura izango baita guztia kontrolatzen duena. Asko gustatzen zaidan pertsonaia da, baina haren inguruan idaztea asko kostatzen zaidala ere aitortu behar dut.
Errealitatetik aldentzen saiatu zarela esan duzu, baina zaila egin zaizula diozu.
Gaur egungo gizarteari kritika moduko bat egiteko balio izan dit eleberria idazteak. Dena den, egia da, errealitatetik gehiago aldentzea zela lehenengo ideia, baina oso zaila dela konturatu naiz.
Gizarteari kritika batetik, eta gizakiaren beraren maltzurkeria ere landu dut liburuan. Horrela, eleberrian jaiotzen diren pertsonaia guztiei, proteina bat sartzen diete buruan, egunen batean jarrera maltzur edo agresiboa izaten badute, haiek kontrolatu ahal izateko. Horren eraginez, geldirik gelditzen dira, blokeatuta bezala, eta ezingo dute kalterik egin. Gizakiaren instintu maltzur hori kontrolpean izan arte urte asko pasatu beharko dira, benetako mundu honetan.
Bestalde, armarik gabeko istorioa ere bada nirea, izan ere, sekulako gerra baten ondorioz, armak eta armada desagertzen dira. Eta ez hori bakarrik, gizarteari ere buelta eman diot; estaturik gabeko mundua da liburuan irudikatu dudana. Ingurumen aldetik ere oso mundu desberdina da eleberrian agertzen den Lurra.
Zergatik zientzia fikzioa?
Horrelako gaiak jorratzen dituzten film eta liburu asko daudela badakit, baina nik nire ikuspuntua eman nahi nion. Ez zait gustatzen horiek nola azaltzen duten gaia. Adibidez, guztiek erakutsi ohi dute zeinen ederra den espazioan barrena bidaiatzea espaziontzi berezi batean; alegia, beste planetak eta izarrak ikusiz. Baina hori ez dator errealitatearekin bat. Espazioan barrena bidaiatzen dutenek, badakite inguruko guztia beltz ikusiko dutela, hutsa ikusiko dute, eta ez dituzte begiztatuko egun filmeetan agertzen diren irudi zirraragarriak.
Bigarren zatia izango al du istorioak?
Bai noski, oraindik kontatzeko asko dut eta bigarren zatian ari naiz lanean.