«Txalupa txiki batekin hasi beharrean, Titanic bat egin dut»

May Boeken (Zumarraga, 1983) idazleak ‘Todas las malditas decisiones’ liburua argitaratu du. Astelehenean plazaratu da eta Espainiako 100 liburu salduenen artean sartu da.

Betidanik gustatu al zaizu idaztea?

Kontakizun motz asko idatzi ditut, baina idaztea ez dut serio hartu istorio hau bururatu zaidan arte. Txalupa batekin hasi beharrean, Titanic bat egin dut: bi liburu idatzi ditut jarraian. Liburu honen bigarren zatia apirilean argitaratuko da.

Hau al da argitaratu duzun lehen lana?

Bai. Lagunak torturatzen nituen. Izan ere, kontakizunek ez zuten bukaerarik edukitzen. Erdibidean gelditzen nintzen.

Liburu hau bukatu duzu, ordea.

Lehen kapitulua ostiral gau batean idatzi nuen. Kuadrillako bati pasa nion (Lucia Alvarez) eta jarraitzeko esan zidan. Hala, istorio guztia idatzi nuen.

Zein da istorioa?

Bilboko neska bat ezkondu aurreko agur batera joaten da Bilbora eta han rock musikari bat ezagutzen du. Rockzale baten bizitza nolakoa den eta neska batentzat rock musikari baten bizitzan sartzeak zer suposatzen duen azaldu nahi izan dut. Bilbo, aireportua duelako aukeratu nuen eta Londres, rockero batentzat toki ona delako. Bigarren liburuko protagonistak ere beraiek dira. Apirilean argitaratuko da. Argitaletxeak liburua maitasunezko istorioen bilduma batean sartu du, baina ez, nire liburua ez da maitasun istorio hutsa. Protagonistak unibertsitate garaian daude eta, beraz, adin horretatik gorako irakur- leentzako liburua da. Dagoeneko hirugarren liburua idazten ari naiz. Erromantikoa da, baina protagonistak beste batzuk dira.

Zergatik erabaki duzu argitaletxeetara bidaltzea?

Ez nuen argitaratzeko asmorik. Nire helburua lagunak asetzea zen. Bukatu nuenean zuzentzaile bat kontratatu nuen eta Luciak liburuak argitaletxeetara bidaltzera bultzatu ninduen. Hiruzpalau argitaletxetara bidali nuen.

Zein irizpide erabili duzu argitaletxeak aukeratzeko orduan?

Nik irakurtzen ditudan liburuak argitaratzen dituzten argitaletxeetara bidali nuen. Bestalde, e-book-ak bakarrik argitaratzen dituztenak baztertu egin nituen. Zein autorerekin lan egiten duten, autoreekin zein harreman duten, nirea bezalako liburuak argitaratzen dituzten… ere begiratu nuen.

Madrilgo Pamies argitaletxe ezagunarekin argitaratu duzu. Pozik egoteko modukoa da.

Hala da. Liburu erromantikoen bilduman hilero bi liburu argitaratzen dituzte: bata nazioartekoa eta bestea estatukoa. Autore berrien aldeko apustua egiten dute.

Zer esan zizuten liburua argitaratzeko asmoa zutela esateko deitu zizutenean?

Bigarren zatia bidaltzeko esan zidaten. Editoreari inork ez zion esan bigarren zati bat zegoenik. Esan baliote, ez luke nire liburua irakurriko. Izan ere, inork ezagutzen ez duen autore baten bi liburu bata bestearen atzetik ateratzea oso arriskutsua da. Bata bestearen jarraipena da eta biekin bat egin nahi zuela uste dut, baina ezinezkotzat jo zuen.

Liburua Donostian aurkeztu behar duzu.

Martxoaren 9an aurkeztuko dut, La Casa del Libron. Zumarragan ere aurkeztuko dut. Irakurketa saio moduko bat egin nahi dut. Berezi samarra izango den zerbait.

Non erosi daiteke liburua?

Toki guztietan. El Corte Ingles, FNAC eta Amazonen dago eta herriko liburu denda batzuek ere eskatu dute.

Liburua astelehenean argitaratu zen eta harrera bikaina izan du.

Espero baino oihartzun handiagoa izan du. Valentziatik, Bartzelonatik… mezuak heldu zaizkit. Astelehenean argitaratu zen eta gauerako Amazonen 100 salduenen zerrendan zegoen.

Zergatik sinatu duzu May Boeken izengoitiarekin?

Hitz jolas bat da. May Maitane da eta Boeken hitzak liburua esan nahi du nederlanderaz. Nire benetako abizenak [Vierbücher] lau liburu esan nahi du. Ez dut nire bizitza arrunta honekin nahastu nahi. Horregatik erabili dut izengoitia. Gainera, egunen batean beste genero bat lantzen badut, nire izena erabiliko dut.

Ekarpen bat

Utzi ekarpen bat

*

*

  • Naia
    20 martxoa 2018 at 17:35 - Reply

    Laburpena
    Mese

  • Send this to friend