Bailarako turismo arloak esku artean du jada iazko jardunaren memoria. Aurten Ezkutuko Altxorra bisita gidatuen programa berria abiaraziko dute. Orain buru-belarri ari dira promozioan
Goierri garaiko turismo arloan esku artean dituzte iazko bisitari datuak, orokorrak zein zehatzak. Jardueren zerrenda nola eragileek egindako prestakuntzak ere aletuta dituzte. Orain, aurrera begira bailarara iristen diren bisitarien egonaldia luzatzea da erronka nagusiena. «Goierri garaia ostatu hartzeko bailara txikia da eta gure erronka, proiektu handien bitartez, egonaldia luzatzea da eta, bide batez, gurean egiten duten gastua ere luzatzea bertako ekonomia dinamizatze aldera», azaldu du Edurne Etxeberria arloko arduraduna.
Hark aipatutako proiektu «handiak», esaterako, Inaziotar Lurraldea edo Inaziotar Bidea dira, «horien bitartez bisitariak gurean geratzea lortu dezakegu». Erronkak «handicap» bat ere baduela azaldu du Etxeberriak, «bailara txikia izanda, ostatu hartzeko plaza gutxi dituen bailara ere bada».
Urola Garaiako Turismo Arloak, dena dela, bide luzea egin du jada bertako turismo eragileekin batera. Gero eta gehiago dira bisitarien eskura jartzen diren turismo baliabideak eta handiagoa da, baita ere, bertako ostalarien eta bestelako eragileen prestakuntza maila. Hala islatzen du iazko jardunaren memoriak.
Oraindik ere aurten burutuko dituzten jarduerak itxi gabe dituzte, arloak izango duen aurrekontua itxi gabe baitago oraindik. Hainbat berrikuntzen berri eman du, hala ere, Etxeberriak. Besteak beste, Inaziotar Lurraldearen barruko Ezkutuko Altxorra bisita gidatuen programa berria jarriko dute abian eta bidearen zati bat bizikletaz egiteko aukera eskainiko du Javi Godoyk. Azken hori iaz Basquetourrek aukeratutako «esperientzietako» bat da.
Iazkoan Legazpiko Burdin Haranaren barruko baliabideek jaso zituzten bisitari gehien (29.519), jarraian Antioko baseliza (17.835). Aurtengo jarduerak zehaztu bitartean, egunotan, han eta hemen bailararen berri ematen ari dira turismo arloko teknikariak. Urtarrilean Madrileko Fitur azokan izan ziren, Nafarroako Navartourren izan dira, Bilboko BECeko Gustoko azoka gastronomikora Bertatik Bertara proiektua eraman dute eta asteburuan Donostiako Sevatour azokan izango dira.