Erriberatik, sukalderaino
Errigora proiektuak udaberriko kanpaina berriari ekin dio, 'Zubi bat sukaldera' lemapean. Goierrin produktuak eskatu eta jasotzeko 22 puntu jarri dituzte aurtenErrigora proiektuak Euskal Herriko etxeetako sukaldeetaraino iritsi nahi du aurten. Zubi bat...
Errigora proiektuak udaberriko kanpaina berriari ekin dio, ‘Zubi bat sukaldera’ lemapean. Goierrin produktuak eskatu eta jasotzeko 22 puntu jarri dituzte aurten
Errigora proiektuak Euskal Herriko etxeetako sukaldeetaraino iritsi nahi du aurten. Zubi bat sukaldera lemapean, aste honetan ekin diote udaberriko kanpainari. Sukaldea etxearen erdigun eta batzeko tokia dela eta, «zubilanerako» erabili nahi dute, bertako produktuaren aldeko apustua eginez. Nafarroa hegoaldeko nekazariak laguntzearekin batera, Erribera berreuskalduntzen lagundu nahi dute.Izan ere, Nafarroako Erriberako produktuak salduz, euskararen aldeko ekimenak bultatzen ditu Errigora proiektuak, beti ere, auzolanaren bidetik. Euskara ofiziala ez den zonalde horretan eragiteko asmoz sortu zuten, eta urtez urte, hazten joan da proiektua, eta baita salmenta kopurua ere. Iazko kanpainan, esaterako, Euskal Herri osoko 6.000 etxetara iritsi ziren Erriberako produktuak. 86.500 litro olio eta 208.000 ontzi kontserba banatu zituzten.
Olioa eta kontserbak
Udaberriko kanpaina honetan, olioa ez ezik, Erriberako barazki eta produktuen kontserbak eskatzeko aukera izango da. Hala, oliba olio birjina estra daramaten 5 litroko eta barietate ezberdinetako ontziez gain, zainzuriak, orburuak, pikillo piperrak, potxak, barazki menestrak, kremak eta tomate frijitu poteak eska daitezke. Guztiak ere, Erriberako nekazariek modu naturalean ekoitzitakoak dira, eta ekoizleak ezarritako prezioa errespetatzen dute.
Herrian nahiz sarean
Aste honetan zabaldu dute Errigorako kanpaina berria. Hilaren 30era arte izango da eskaerak egiteko epea. Horretarako, azken urteetan bezala, bi bide jarri dituzte. Batetik, herriz herri jarri dituzten salmenta puntuak. Aurten Goierriko herririk gehienetan izango da produktuak eskatu nahiz jasotzeko aukera, guztira 22 puntu jarri baitituzte. Bestetik, Internet bidez ere eskatu ahal izango dira, errigora.eus webgunearen bitartez.