'Kirola Elkarrekin' ekimenak 400 pertsona inguru bildu ditu
Adimen urritasuna duten pertsonak, urritasun fisikodunak eta urritasun gabekoak elkarrekin aritu dira zazpi kirol desberdinetan, Legazpin
‘Kirola Elkarrekin’ jardunaldia ospatu dute gaur, Legazpiko hainbat txokotan. Adimen urritasuna duten pertsonak, urritasun fisikoren bat dutenak nahiz urritasun gabekoak elkarrekin aritu dira. Zazpigarren urtez jarraian antolatu dute ekimen hau Atzegi elkarteko kideek beste hainbat elkarteren laguntzarekin, eta 400 pertsona inguru elkartu dira bertan.
Urritasuna duten pertsonen gizarteratzea bultzatzeko elkartu dira 9:30etan parte hartzaileak, eta Atzegi elkarteko kideek harrera egin diete. Ondoren, 10:15etik 13:00etara, zazpi kirol ezberdinetan aritu dira: futbolean, sakibaloian, bola jokoan, igeriketan, barruko bizikletan eta palan. Mendi martxa bat ere osatu dute Aztiriara. Jardunaldia biribiltzeko, 13:30ean Legazpiko gizarte zentrora joan dira elkarrekin bazkaltzeko asmoz. Dantzaldiarekin eman diote amaiera ekimenari, 15:45ean.
Atzegiz gain, beste hainbat elkartek ere babestu dute ekimena. Esate baterako, Izadi Zaleak, Legazpiko Igeriketa Taldeak, Ilintxa futbol klubak, Legazpiko Gazteak pilota eskolak, Danantzako bolari elkarteak eta Andraitz saskibaloi elkarteak.
Legazpiko elkarteez gain, Euskal Herri mailan lanean ari diren beste hainbat elkartek ere parte hartu dute: Gipuzkoako Gautenak, Konportak, Mindarak eta Kirol Egokituen Federazioak; Arabako Aspacek; eta Bizkaiko Gaudek eta Gorabide elkarteak.