VII. Herri Lasterketa ospatu dute Beasainen
Aurten, bigarrenez, Monoziklo lasterketa ere antolatu dute Herri Lasterketarekin batera. Bealak eta Orekan Bizi Naiz elkarteek elkarlanean antolatu dute lasterketa herrikoia
VII. Herri Lasterketa ospatu dute gaur, Beasainen, Bealak eta Orekan Bizi Naiz elkarteek antolatuta. Batzuk korrika, eta besteak gurpil bakarreko bizikletan, 7 edo 14 kilometroko ibilbideak osatu dituzte. Guztira, 214 pertsonek hartu dute parte; bi ibilbideetako partaideak batuta, korrika 186 pertsona aritu dira, eta monoziklo gainean, berriz, 28. Haurrek ere izan dute parte hartzeko aukera.
Monoziklo lasterketarekin eman diote hasiera gaurko jardunari. Loinazko San Martin Plazaren azpian hasita, hiru ibilbide desberdin osatu dituzte: gaztetxoek 7 kilometrokoa, haurrek 3 kilometrokoa, eta helduek 14 kilometrokoa. 9:45ean eman diote hasiera lasterketa herrikoiari, aurten korrikalariek baino lehenago. Lasterketa luzeko irabazleak Ivan Diez eta Itziar Otamendi izan dira, eta motzekoak berriz, Javier Vicente eta June Maiz.
Korrikalariek ere toki beretik ekin diote lasterketari. Gaztetxoenak izan dira parte hartzen lehenak, 10:35ean 8 eta 9 urteko haurrek eta 10:40ean 10 eta 11 urtekoek osatu baitute ibilbidea. Ondoren, 11:00etan, 14 kilometroko ibilbidea osatu dutenak abiatu dira, eta azkenik 11:10ean, 7 kilometroko lasterketa egin dutenak. Lasterketa luzean Maider Korta eta Endika Donnai gailendu dira, eta motzean, aldiz, Mikel Etxamendi eta Lourdes Colomo.