Lazkaomendiko errotondatik eraiki duten bide-adar berria egunotan irekiko du udalak. Areso kalerantz jarraituko du, beheko botika ondoan. Lehentasunak aldatuko dira
Lazkaoko biribilgunetik Iturgaitza alderako bide berria atzo, margoketa lanetan // Argazkiak: A. Maiz
Lazkaoko herriguneko zirkulazioan hainbat aldaketa egingo ditu udalak, aurki zerbitzuan sarraraziko duen Iturgaitzaga-Maizpide kale berria ireki ondoren. Herrirako sarrera-irteera nagusia Lazkaomendiko biribilgunetik izango da. Zoruko seinalizazioa margotzen eguraldiak noiz utziko zain dira, bide berria ireki eta beste aldaketak egiteko.
Lehentasunezko bidea izango da saihesbidearen paralelo egin dutena. Iturgaitzaga, Maizpide eta Lazkao Txiki Zelai atzetik iritsiko da Areso-Hirigoiengo bidegurutzera, eta oraingo stopa kenduta, lehentasuna izaten jarraituko du, nola San Inazio aldera, hala plazarantz.
Biribilgunetik erdiguneraino «zuzenean» sartzeko modua eskainiko du aldaketa horrek.
Lehentasunak aldatuta
Zirkulazioko zain horri nagusitasuna emateak, beste bidegurutzeetan ere aldaraziko du lehentasuna. Plaza aldetik datozenentzat, zubi ondoko stopa kenduko dute baina Aresorantz hartzeko gelditu beharko dute.
Eliza aldetik datozenek, berriz, Erlo eta Antsoategi tabernen ertzean stopa izango dute, aurrerantzean.
Zirkulazioan aldaketak:
· Lazkaomendi: Errotondatik izango da sarrera nagusia, Iturgaitza, Maizpide eta Zelai atzetik.
· Areso: Botika ondoan, Zelai atzetik datozenek izango dute lehentasuna, Aresorantz.
· Elosegi: Erlo taberna alboan, stop-a izango dute Hiribarrendik datozenek; plazatikoek, ez.
· Hiribarren: Biribiletik datorrenak du lehentasuna; Ibabe aldetik stop-a izango da.