Taloak Hegialdeko jaien alde
Talo Festa egingo dute Legazpiko Hegialde auzoan larunbatean, ekaineko jaiei bultzada eman eta dirua biltzeko. Eguraldi ona egiten badu egun osoko jaia izango daIaz Hegialdeko jaiak ospatu zituzten Legazpiko auzoan, baina pertsona bakar bat ibili zen a...
Talo Festa egingo dute Legazpiko Hegialde auzoan larunbatean, ekaineko jaiei bultzada eman eta dirua biltzeko. Eguraldi ona egiten badu egun osoko jaia izango da
Iaz Hegialdeko jaiak ospatu zituzten Legazpiko auzoan, baina pertsona bakar bat ibili zen antolaketan, eta estu gainera. Aurten auzotarrak motibatu eta bultzada eman nahi diete ekainaren 15etik 17ra ospatuko dituzten jaiei; bide batez, diru bilketa ere egin nahi dute. Helburu horrekin Talo Festa egingo dute datorren larunbatean.Domingo Agirre eskolakoek utzi dizkiete Santo Tomas egunaren bueltan egiten duten azokan erabiltzen dituzte talo plantxak. Goizeko hamaiketarako plantxak bero, eta taloak saltzen hasiko direla esan du Sonia Manso auzotarrak. «Irailean jaien inguruko lehenengo bilera antolatu genuen. Ideiak eta jende berria biltzea zen gure helburua», dio Mansok. Aurreko urteetan antolaketa lanetan ibili den pertsona agertu zen eta hark eman zuen Talo Festa egiteko ideia.
Festa egun osokoa izatea nahiko luke Mansok, «baina nahi baino jende gutxiago gabiltza eta ez dakit nola ibiliko garen». Goizetik eguerdira arteko tartean taloak saltzen egongo dira eta jendea animatuta badabil arratsaldean ere jarraituko dute.
Haurrentzako eskulanak eta abar egiteko txokoa ipiniko dute Laubideko oinezkoan. «Puzgarriak jartzea pentsatu genuen arren, aurrekonturik ez daukagu eta Legazpiko Udaleko gazteria sailak utzitako materiala erabiliko dugu haurrei eskulanak egiteko aukera eskaintzeko».
Herri kirolak
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, herri kirol erakustaldia izango da. Iñaki eta Luis Ibarguren aizkoran, Jon Etxaniz eta Wibo trontzan, Iñaki Lizarralde eta Javi Lopez txingatan eta oskol-bilketa ere izango dela esan du Mansok. Kirolari guztiek erakustaldia musutruk egingo dute Hegialdeko jaien alde.
Gaur-gaurkoz lau lagun ari dira jaien antolaketa lanetan; «festak galtzeko bidean zeudela, eta hala hasi ginen, baina larunbatekoarekin diru bilketa egiteaz gain, auzoa girotu nahiko genuke ea antolaketa lanerako jende gehiago animatzen den». Beste kezka bat ere badu Mansok, eguraldi txarra eginez gero Talo Festa bertan behera geratuko dela dio. Momentuz, iragarpena ez da oso itxaropentsua larunbaterako euria emanda dagoelako. Edonola ere, Hegialdeko jai batzordeko kideak, Manso buru dutela, Talo Festaren antolaketan buru-belarri ari dira lanean larunbatekoa ospatu eta ekaineko jaiak hauspotzeko.