Maiatzaren 26an egingo du Amets Bidek Ordiziako Zortzikoa, Beasaingo Aurtzakaren laguntzarekin. Entseguak laster hasiko dituzte eta nahi duenarentzat izen-emate epea irekita dago jada
Amets Bide dantza taldeak bat egingo du Ordiziaren 750. urteurrenarekin. Aspalditik urtero egiten diteen emanaldiak, ohi baino bereziago prestatuko ditu aurten. Horietako bat izango da Ordiziako Zortzikoa. Aurten, gainera, Pujana dantza maisu ordiziarraren jaiotzaren 150. urteurrena ere bada, beraz, bi urteurrenak uztartuz, sorpresa ugari ekarriko dituzte Amets Bidekoek. Urteurren urtea da, beraz, 2018a.
Amets Bidek, herriko talde eragile bezala, ekarpena egin nahi dio urte seinalatu honi. Ordiziako Zortzikoa da oraintxe buru-belarri prestatzen ari direna. Maiatzaren 26an egingo dute, eta ohiko soka dantzaz gain, ezpata dantzarien segizio bat ere aterako dute, Beasaingo Aurtzaka dantza taldearen laguntzarekin.
Ordiziako Zortzikorako entseguak laster hasiko dituzte, Aste Santuaren ondoren hain zuzen ere. Egun berezi horretan dantza egin nahi duenak, Amets Bide dantza taldekoekin jarri beharko du harremanetan, 688 613 177 telefono zenbakira deituta.
Ballet eskola
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko kide da Amets Bide, pasa den otsailetik. Horri esker, abantaila ugari izango ditu dantza taldeak. Izan ere, formakuntza eta ekintza ezberdinetan parte hartu ahal izango dute dantzariek.
Ballet ikastaroak ere ematen hasiak dira Ixone Zurutuza irakaslearen eskutik. Edozeinek probatzeko interesa badu, ateak irekita ditu.