Bihar arkume errea eta DJ Bull izango dira. Etzi, Euskal Herriko gazteen topaketa egingo da. Igandeko ekitaldira Anaiz Funosa bake artisaua gonbidatuko dute
Segurako 23. Iparra-Hegoa kultur ekitaldia azken txanpan sartu da eta asteburua ekitaldiz gainezka izango dute Seguran. Lekorneko Ikastolako ikasleei asteartean agur esan ondoren, gaur, Baionako Etxepare Lizeoko ikasleei egingo diete ongi-etorria. Larunbatera arte egongo dira Seguran eta Iparra-Hegoako ekitaldietan parte hartzeaz gain, Irizar lantegia eta Goierri eskola bisitatuko dituzte.
Amets Arzallus eta Iker Zubeldia.
Ekitaldiei dagokionean, gaur, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariak protagonista direla, 19:30ean bertso eta kantu po-teoa eta 21:30ean bertso afaria egingo dute plazan jarritako karpan. Txartelak Elorripen daude salgai. Bertso-kantu poteoaren aurretik, ordea, 19:00etan, Aterpetxetik
Kanaldude.eus-ek telebista saioa egingo du zuzenean. Ekitaldi irekia izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Bihar,bestalde, iluntzean arkume errea eta sagardoa dastatzeko aukera izango da, Etxepare txarangak, Polekelekek eta Kuxkuxtuk alaituta. Gauean Bull disko jartzailea izango da.
Gazteen topaketa
Larunbatean, 09:00etan Euskal Herriko hainbat herritako mendizalek Goierrikoekin batera mendi irteera egingo dute. Eguerdian eta arratsaldean, berriz, Euskal Herriko gazteen topaketa egingo dute. Etxepare Lizeoko eta Segurako gazteek eguerdian gazteen bazkaria eta arratsaldean pilota desafioa egingo dituzte. 19:00etan, taloak eta ardoa dastatzeko aukera izango da, Polekeleke txaranga, Speiz Mukaki eta Kuxkuxtu txarangak alaituta. 23:00etan, Lapurdiko Iñazki taldearekin dantzaldia izango da.
Igandean
Dantza erakustaldia, igandean.
Igandean, 10:00etan hasiko da sukalkia prestatzeko txapelketa eta 11:30ean ekitaldi instituzionala egingo dute udaletxean Goierriko eta Iparraldeko hautetsiek. 12:00etan, Iruñeko Oberena fanfarre eta dantza taldearen saioa izango da, eta 13:00etan txakolin dastaketa.
14:00etan Euskal Herriko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia egingo dute. Aurtengo gonbidatu berezia, Anaiz Funosa bake artisaua izango da.
Herri bazkaria 14:30ean hasiko da; Kuxkuxtu txarangak alaituko du. Elorripe tabernan daude txartelak salgai. 16:30ean, sukaldaritza lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute. Eta ohi bezala, Iparra-Hegoarekin amaitzeko, Mutxikoak dantza dantzatuko dute plazan.