Gipuzkoako ezti lehiaketa egingo dute. Erlauntzeko produktuak eta gozokiak erosteko aukera egongo da. Arratsalden Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistek eta Iker Zubeldiak abestuko dute
Igandean Erlezain Eguna ospatuko dute Zegaman. Gipuzkoako ezti lehiaketa egingo dute eta erlauntzeko produktuak erosteko eta gozokiak dastatzeko aukera egongo da. Gainera, Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistek eta Iker Zubeldia zegamarrak bertso saioa egingo dute pilotalekuan.
10:00etatik 14:00etara txistularien kalejira, artisau azoka, lore erakusketa eta gozogileen erakusketa egongo dira. Gainera, Jakoba Errekondok loreen erabilpenei buruzko azalpenak emango ditu, erlauntzeko produktuak Mahala jogurtekin dastatzeko aukera egongo da eta Rafa Gorrotxategik eztizko karameluak egingo ditu.
10:30ean Gipuzkoako ezti lehiaketa hasiko da. Finalera iritsi diren 21 eztien artean, hiru onenak aukeratuko dituzte. 11:30ean kandela tailerra egingo dute parketxean, 12:00etan ezti dastaketa herrikoia egingo dute eta 12:30ean Gorrotxategik eztizko karameluak egingo ditu berriro.
13:00etan Aitxuri herri eskolako ikasleei zuzendutako marrazki lehiaketako sariak banatuko dituzte, 13:30ean ezti lehiaketako sariak banatuko dituzte eta 13:45ean gozoki dastaketa egongo da.
Arratsaldean ere ekitaldiak egongo dira. 16:00etan Erlearen Bila orientazio jolasa egingo dute Anduetza parketxean. Helburua erleak eta erlezaintza ezagutzea da.
18:00etan bertso jaialdia egingo dute pilotalekuan, Kasino elkarteak antolatuta eta Zegamako Udaleko Kultura batzordeak babestuta. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean parte hartu zuten zortzi lagunek abestuko dute: Unai Agirre, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus. Beraiekin batera, Iker Zubeldia zegamarra arituko da. Gai jartzaile lana Amaia Agirrek egingo du.