Sustraiak taldeko dantzari gazteenak bihar arituko dira Latxartegin. Larrain eta kapela dantzen entseguak bertan behera geratuko dira emanaldia dela eta
Sustraiak taldeko haurrek erakustaldia egingo dute bihar Latxartegi aretoan, 18:00etatik aurrera. Iazkoan ez bezala, ohiko egutegia berreskuratu dute aurtengoan. Aurreko urtean beranduago egin zuten haurren jaialdia eta helduenarekin bateratu, «gure dantzari askok selektibitate azterketa zuten eta helduen jaialdia aurreratu genuen eta biak elkarrekin egin genituen», azaldu du taldeko kide Jon Dorronsorok.
Oraingoan ez dute halako trabarik izan eta bi jaialdiak egingo dituzte. Helduena maiatzaren 25ean izango dela aurreratu du Dorronsorok, «orduan ere haurrak aterako dira oholtzara».
Biharko haurren gurasoek, ikasturtea aurrera doan honetan, orain artean ikasi dutena ikusi dezaten antolatu ohi dute. Eskainiko dituzten dantzak urritik hona ikasitakoak dira, «ikasturtea ez da amaitu eta hasi berri dira dantza batzuk ikasten».
Dantzari gehienak neskatilak izango diren arren, Dorronsoro pozik agertu da aurtengo ikasturtean taldean duten mutil kopuruarekin, «Inauterietako konpartsa egin ondoren hiru-bat mutil batu zaizkigu».
Lau taldetan banatuta daude Sustraiak dantza taldeko haurrak. Talde bakoitzak lau dantza egingo ditu biharkoan, zaharrenetatik hasi eta gaztetxoenetara lehenengo eta, Markel Garmendiak zortziko bat dantzatu ondoren, bigarren atalean alderantziz egingo dute: lehenengo gaztetxoenak eta gero zaharrenak.
«Gehienak Gipuzkoako dantzak izango dira, baina Euskal Herriko beste lurraldeetakoak ere izango dira», azaldu du Dorronsorok. Goiz Deia taldeko txistulariak bidelagun izango dituzte.
Kapela eta larrain dantzak
Bigarren astea da Sustraiak dantza taldeko egoitzan maiatzeko Santikutz jaietarako kapela eta larrain dantzaren entseguak egiten ari direla. Ohiko jendea dabil aurtengoan ere, baina urtero legazpiar berriak biltzen dira entseguetara, «bost-bat lagun hasi dira eta Aste Santuko oporren ondoren gehiago etorriko direla badakigu», Dorronsorok gogoratu du, bide batez, entseguak irekiak direla.
Haurren jaialdia dela eta, biharkoan ez da entsegurik egongo. 1995ean hasi ziren Sustraiak dantza taldekoak kapela eta larrain dantzak legazpiarrei erakusten eta 1991n inauterietako konpartsen entseguak egiten. «Gure xedea Legazpiko dantzak berreskuratzea da eta dantzak, dantzarienak soilik ez, guztionak direla zabaltzea ere bai».