Ormaiztegin eta Zaldibian hasiko da Dantzari Txikien egutegia, etzi
Goierriko Dantzari Txikien birari igandean ekingo diote eskualdeko dantza taldeek. Festa bikoitza izango da, estreinakorako. Zaldibian Iztueta dantza taldeak antolatutakoa egingo dute, eta Ormaiztegin Goruntz dantza taldearena.Ormaiztegin, 11:00etan el...
Ormaiztegin, 11:00etan elkartuko dira sei taldetako haur dantzariak, Zubipe kiroldegian. Hamaiketakoa emango diete, lehenbizi. Korosti (Legazpi), Jalgi (Zarautz), Aurtzaka (Beasain), Otsoak (Ataun), Amets-Bide (Ordizia) eta Goruntz antolatzailea (Gabiria) dira partaide.
Kalejira 11:30ean hasiko da, eta bi geldiune egingo dituzte Ormaiztegiko kalean. Talde bakoitzak bina pieza dantzatuko ditu. 12:45erako udaletxe aurreko plazara bildu, eta saio bateratua egingo dute (euria baldin bada, Zubipen). 14:00etan bazkaria etxe zein elkarteetan, eta 16:30ean Imanol DJa dute gero.
Zaldibian, 28. Dantzari Txiki Egunean, bertako Iztueta taldearekin batera, Alurr (Ibarra), Amets-Bide (Ordizia), Aurtzaka (Beasain) eta Irrintzi Alai (Legorreta) izango dira. 12:00etan abiatuko dira desfilean, 13:00etan jaialdia plazan, eta 16:00etan Modestorekin erromeria antolatu dituzte.
Igandean, autoentzat itxita egongo da plaza ingurua eta Santa Fe kalea, 12:00etatik 13:00etara. Txamarretxeko plazan ezingo da aparkatu 08:00etatik 13:00ak arte
Legazpi eta Legorreta gero
Goierriko egutegiarekin jarraitzeko, hurrengo Dantzari Txiki festak apirilaren 22an ospatuko dira, Legazpin eta Legorretan. Maiatzaren 6an Beasainen da, 27an Ordizian eta ekainaren 17an Lazkaon.