Kilometroak festa urte osoko ekitaldia izango da 2020tik aurrera
Eredu berria larunbatean aurkeztu zuten, Zelai Arizti aretoan. Urtean zehar hainbat jaialdi egongo dira. Jaialdi horien antolaketan ikastola ezberdinek parte hartuko duteGipuzkoako ikastolen Kilometroak festa urte osoko ekitaldia izango da 2020tik aurr...
Eredu berria larunbatean aurkeztu zuten, Zelai Arizti aretoan. Urtean zehar hainbat jaialdi egongo dira. Jaialdi horien antolaketan ikastola ezberdinek parte hartuko dute
Gipuzkoako ikastolen Kilometroak festa urte osoko ekitaldia izango da 2020tik aurrera. Urtean zehar hainbat jaialdi antolatuko dituzte eta urriko lehen igandeko festa urte osoko lanaren fruitua izango da. Jaialdi horien antolaketan ikastola ezberdinek parte hartuko dute eta helburuetako bat harrobi kulturala ezagutzera ematea da.Gizartea asko aldatu da lehen Kilometroak jaia antolatu zenetik. 1977an izan zen hori eta ordutik hona jaia aldatzen joan bada ere, Gipuzkoako ikastolek aldaketa sakonagoak egiteko beharra ikusi dute, antolatzen duten jaia gaurko garaietara erabat egokitu ahal izateko.
Helburu horrekin, Kilometroak Bidea deituriko hausnarketa prozesua hasi zen 2015eko irailean. Bidean, jaiaren historia aztertu da, gaur arte izandako bilakaera kontuan hartuz, eta gaur egungo egoeraren analisi sakona egin da.
Kilometroak festaren eredu berria larunbatean aurkeztu zuten, Zumarragan. Izan ere, aurtengo Kilometroak Urretxu-Zumarraga ikastolak antolatuko du. 2020. urtetik aurrera Kilometroak festak hamar premisa beteko dituela esan zuten: ikastolen mugimenduaren misioa bete; Ikastolen Elkartea sendotu; ikastola bakoitzaren komunitatea sendotu; parte-hartzea areagotu; naziotasuna indartu; xede ekonomiko errentagarria birkokatu; azken jaia urte osoko emaitza bihurtu; berritzaile eta garaikidea izan; jaiaren dimentsioa birkokatu; eta ikasleak ahaldundu.
Hasteko, antzerkia
Larunbateko ekitaldia antzerki saio labur batekin hasi zen. Agurtzane Aramendi aurkezleak, Estitxu Zaldua aktoreak eta ikastolako beste guraso batzuk bilera bat antzeztu zuten. Hamar premisak azaldu zituzten eta Mikel Mendizabal bertsolariak (ikastolako gurasoa hau ere) premisei buruz abestu zuen.
Ondoren, Nekane Artola Kilometroak Kultur Erakundeko lehendakariak, Ane Barruso Bergarako ikastolako zuzendariak, Zigor Ibartzabal Oñatiko ikastolako zuzendariak eta Patxi Olabarria EHIko Egonkortasun arduradunak hartu zuten hitza.
Bergarako ikastolak 2016ko festa antolatu zuen. Barrusok antolaketa familientzat oso nekagarria dela, eta festa ikastola guztiena bada, lanaren zama ikastola bakar batek hartzea zentzurik ez duela aipatu zuen.
Olabarriak ikastolen aldeko jaiak beharrezkoak direla gogoratu zuen: gure eredua zabaltzeko, dirua lortzeko eta gizarteak ikastolekin duen identifikazioa areagotzeko. «Beste lurraldeetan ere beraien jaiez hausnartzen ari dira eta aurki elkarrekin urratsak egingo ditugu».
Ibartzabalek egungo ereduak gauza on asko dituela gogoratu zuen. «Jada 1.500-2.000 pertsona inguru mugitzen ditugu, baina parte hartzean sakondu behar da. Horretako, harrobi kulturala herriko plazara aterako dugu».
Gazteei ere hitza eman zitzaien. Urretxu-Zumarraga ikastolako Batxilergoko bi ikaslek, Irene Tejedorrek eta Jon Amundarainek, beraien belaunaldikoen izenean hitz egin zuten. Kilometroak festara ondo pasatzera eta lagunak egitera joaten direla, eta alkohol eta droga kontsumoa murrizteko ekintza parte hartzaileak antolatu behar direla esan zuten. Ondoren, ikusleek galderak egiteko aukera eduki zuten.
Bukatzeko, Kilometroak festaren 40 urteko historia laburtzen duen bideo bat eman zuten, Mikel Fernandez ikastolako irakasleak Miriam Luki idazle urretxuarraren testu bat irakurri zuen, Artolazabal sendia omendu zuten eta ikastolako ikasle, irakasle eta guraso talde batek dantza saio bat egin zuen.
Bere garaian ikastolak sortu baziren eta mende erdi beranduago bere izaerari eusten badiote, Euskal Herrian Artolazabaldarrak bezalako asko daudelako da: Juanvik Urretxu-Zumarraga ikastolaren sorreran parte hartu zuen, berak eta Kontxi Azkarate emazteak seme-alabak ikastolara bidali zituzten, Urretxu eta Zumarragan ospatu diren Kilometroak festen antolaketan parte hartu dute eta Argiñe alaba ikastolako lehendakaria da. Azken horren seme-alabak, Itziar eta Markel, ikastolako ikasleak dira.
Nazio topaketa
Larunbatean Nazio Topaketa izeneko ekitaldia ere egin zuten. 14-16 urteko gazteen topaketa honetan 75 lagunek parte hartu zuten, bost taldetan. Barakaldoko San Nikolas ikastolakoek Bizkaia ordezkatu zuten, Atarrabiako Paz Zigandakoek Nafarroa, Gasteizko Armentiakoek Araba, Ziburuko eta Kanbokoek Iparraldea eta Urretxu-Zumarraga Ikastolakoek Gipuzkoa.
Festa kutsuko lehiaketa horren helburua lurralde guztietako ikasleek elkar ezagutzea da. Hainbat jokotan parte hartu zuten, ikuskizun bat aurkeztu zuten eta elkarrekin bazkaldu zuten.