Legazpiko zineklubaren hausnarketa prozesuaren barruko bilera dute etzi
1971n egindako estatutuak zaharkituta daude eta berriak egiteko bidean daude. Bilerara zale berriak biltzea nahi dute. Ordutegia aurrekora itzuli dute eta ostiraletan 22:15ean dira emanaldiakZine aretoak husten ari direla eta, Legazpiko zineklubean hau...
1971n egindako estatutuak zaharkituta daude eta berriak egiteko bidean daude. Bilerara zale berriak biltzea nahi dute. Ordutegia aurrekora itzuli dute eta ostiraletan 22:15ean dira emanaldiak
Zine aretoak husten ari direla eta, Legazpiko zineklubean hausnarketa prozesua egiten ari dira. Ostiraletako emanaldietara doazen 30 bat lagunak gehiago izan daitezela nahi dute, baita zineklub taldeko partaide kopurua handitzea ere; handitu bakarrik ez, anitzagoa izan dadila nahi dute. Etzirako bilera deitu dute. Kultur etxean izango da 19:00etan eta irekia da.Aurretik egindako bilerara hamar lagun inguru azaldu ziren. Gaur-gaurkoz hiru bat lagun ari dira zinekluba kudeatzen eta bilera hartara bost bat legazpiar gehiago batu zirela esan du Javier Arrieta kideak: «Denak soslai berekoak ziren, adinekoak gehienak eta ekartzeko asko dutenak, baina gazterik ez dator».
Legazpiko zineklub taldeak 2010etik Latxartegi aretoko zine komertzialaren programazioaren ardura dauka. Zine komertzialaren datuak hobeak dira; emanaldi guztiak zenbatuz gero, 100-120 bat lagun joaten dira astebururo. Iaz zineklub emanaldien gaineko inkesta bat egin zuten eta ordutegia aldatzea erabaki ere. Urtarrilean lehengora itzuli eta ostiraletan 22:15ean ematen dituzte filmak.
Legazpiko zinekluba martxan jarri zela 48 urte dira. La Salle eskolaren bueltan abiarazi zuten eta 1971an estatutuak egin zituzten. Ordukoak dira egungoak eta hausnarketa prozesuaren ardatzetako bat estatutu berriak egitea da.
Proiektu berriak aipatu ditu Arrietak: «Zinea ikastetxeetara hurbildu nahi dugu eta hilero ikasleei zuzendutako filmak programatu nahi ditugu emanaldiaren ondoren foruma egin dezaten». Arrietak buruan du, baita ere, bi urte barru zineklubak 50 urte beteko dituela eta urtemugarako ospakizunen bat egitea aurreikusten dute. Legazpiko zineklubean aspaldi egiten ez duten arren, «interesgarria litzateke filmen aurkezpenak berreskuratzea. Legazpin, garai batean, aurkezpenen ondoren solasaldiak ere egiten genituen, baina zineak ikusle asko erakartzen zituen orduan, aisialdirako aukera indartsu bat baitzen». Orain erronka beste bat da, «taldearen iparra Legazpin zinearekiko zaletasuna zabaltzeko bideak aurkitzea».