Pagola eta Altube aurrera
Aztiriko bertso sariketatik Osinaldera hernaniarra eta abadiñarra sailkatu dira. Entzuleek izendatutako Aztiri Saria Ane Beloki legazpiarrak jaso du. Ordizia, zainBertsolari gazteen Goierriko sariketak lan erdietara iritsi dira, eta Osinalde sariketan...
Aztiriko bertso sariketatik Osinaldera hernaniarra eta abadiñarra sailkatu dira. Entzuleek izendatutako Aztiri Saria Ane Beloki legazpiarrak jaso du. Ordizia, zain
Bertsolari gazteen Goierriko sariketak lan erdietara iritsi dira, eta Osinalde sariketan apirialren 7an kantatuko duten sei lagunetatik lau jakinak dira. Aztirian jokatu zen larunbat gauean bigarren sailkatze saioa. Eli Pagola hernaniarrak eta Txaber Altube abadiñarrak lortu dute aurrera jotzea. Epaileen puntuek ebatzi zuten zein bi sailkatuko ziren.Aztiri-Bat elkartean ziren entzuleek, beren partetik, gustukoena aukeratu zuten: Ane Beloki legazpiarra. Harentzat izan ziren Aztiri Sariko garaikurra eta Makatza baserriko gazta, saritzat. Afaltzen 70 lagun izan ziren, eta saioa entzutera 15 bat gehiago sartu ziren. «Giroa bikaina izan zen, eta bertsolariek lan ederra egin zuten», esan du Eresti Oiarbide aurkezle gai-jartzaileak.
Hiru sarituez gain, Mikel Tapia ataundarra, Kerman Diaz urruñarra eta Andoni Mujika urnietarra ziren Aztirian kantuan.
Pagola eta Altube sailkatuak paretsu aritu ziren. «Bien puntuen artean ez zen alde handirik izan, eta entzuleen botoetan ere lehia nahiko estua izan zen».
Argi-Berri saria hurrena
Osinalde aurreko azken kanporaketa larunbatean Ordiziako Argi-Berri elkartean izango da. Mikel Retolaza (Busturia), Oier Etxeberria (Azpeitia), Peru Abarrategi (Aramaio), Markel Eizagirre (Zarautz), Sarai Robles (Barañain) eta Beñat Mujika (Donostia) dira kantuan.
Afaria 20:30ean hasiko da. Afari-txartelik ez dagoela dagoeneko aurreratu dute. Baina, ondoren, bertso-saioa entzutera sartu nahi duenak, badu horretarako aukera. 22:30-23:00ak aldera hasiko dira bertsolariak lanean. Osinalde, azkenik, apirilaren 7an jokatuko da Gabirian.
Bi goierritar Erniarraitzen
Ostiral gauean jokatu zen Azpeitiko gaztetxean IX. Erniarraitz bertso txapelketaren finala. Aratz Igartzabal 4. eta Eneko Araiztegi 5. izan dira. Haritz Mujika asteasuarrak irabazi du.