Alain Ezeizak, Alain Lopezek, Aitor Arostegik eta Dani Lermak osatzen dute musika taldea .Gaztea irratiko maketa lehiaketako finalera iristeko laguntza eskatu dute
Loinaz Agirre
Goierri
Goierriko Pho-Bo musika taldeak indartsu hasi du ibilbide berria. Gaztea irratiko maketa lehiaketara aurkeztu du grabatu berria duen hiru kantuko maketa, eta Irainen Zakua abestia finalisten bigarren faserako sailkatu da, beste 20 talderekin batera. Orain herritarren babesa eta botoa behar dute, apirilaren 27an Bilboko Kafe Antzokian jokatuko den finalerako txartela eskuratzeko. Ostegunera bitartean Gaztea Maketa Lehiaketaren webgunean eman daiteke Pho-Bo taldearen aldeko botoa.
Alain Lopez (abeslaria eta gitarra jotzailea) eta Alain Ezeiza (gitarra jotzailea) beasaindarrek, Aitor Arostegi segurarrak (bateria) eta Dani Lerma (baxu jotzailea) ormaiztegiarrak osatutako musika taldea da Pho-Bo. Vietnamgo zopa mota baten izena du taldeak: «Hasi eta berehala Red Hot Chilli Peppers talde estatubatuarrak jotzen zuen Bartzelonan. Txikitatik entzun izan dugun musika estilo bat da, eta Dani, Alain eta hirurok joan ginen beste lagun batzuekin asteburu pasa Bartzelonara». Vietnamgo jatetxe batera joan ziren, «eta denok, Pho-Bo zopa aukeratu genuen, denok berdina jan genuen. Izenak grazia egin zigun eta bakarren batek esan nuen taldearentzako izena izan zitekeela. Hantxe erabaki genuen», zehaztu du Arostegik.
Musika estiloari dagokionean, «ez gara musika estilo baten bila joaten, ateratzen dena ateratzen da eta kitto, ez dakigu zein estilo den». Ingelesez eta euskaraz abesten dute. «Abesti bakoitzaren arabera aukeratzen dugu euskaraz edo ingelesez egin letrak. Hizkuntza batean abestu edo bestean abestu asko egiten du. Ahoskerak abesteko era aldatzen du. Gehiago gustatzen zaigu Alain ingelesez abesten. Baina euskaraz ere nahi dugu, euskaraz hobeto adierazten dugu azaldu nahi duguna», dio Ezeizak.
Kontzertu ugari
«Abesti dezente» sortu dituzte dagoeneko, eta «gustuko zerbait daukagunean hasiko gara kontzertuak ematen». Momentuan, apirilaren 27an Bilboko Kafe Antzokian jo nahi dute, Gazteako bost talde finalisten kontzertuan. «Epaimahaiak bi talde aukeratuko ditu eta herritarren puntuazioaren arabera beste hiru talde», zehaztu dute. «Kontzertu horretan erakutsi beharko dugu dena. Zuzeneko ona eman dezakegula erakutsi nahi dugu». Ordu erdiko tartea izango dute horretarako. Gainera, «Kafe Antzokira askotan joan izan gara kontzertuak ikustera eta han jotzeko aukera izateak ilusio handia sortzen digu».
Hortik aurrera hasiko dira kontzertuak lotzen. Kontzertuetarako soinu teknikaria badute gainera, Alain Ezeizaren aita, Joxean Ezeiza.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.