Udaberria hotz hasi da, eta atzerapenarekin agertuko dira urtaro berriko hainbat produktu, baratzeko lanak egiteko eguraldiak ez baitu gehiegi lagundu orain arte.
Behin udaberrian sartu eta hazitarako patataren eskaria hastea normala da. Aurten, giroa ikusita, ez dela galde handirik zioen Aguraingo Jabier Lacallek. Bera da azoka honetan hazitarako patata gehien saldu izan duena urtea joan urtea etorri, 60 urtetik gora baitaramatza feriara etortzen eta. Umoreari ederki eusten dio; «hauxe da erdia sartuta ere osoa ateratzen dena» bezalako ateraldiak ditu hitzetik hortzera eta, aldiz, azken urteetan asko aldatu direla kontuak aitortzen du: «Askoz kilo gutxiago saltzen dira gaur egun». Motei dagokionez, Jaerla da goizekoa, agudo etortzen da, baina ez du hainbeste irauten; Spunta salduena ez bada ere, «egosteko berezia da, onenetakoa»; eta gehien saldu ohi dena, beranduxeago, urtekoa, Agria motakoa: «Nire ustez onena. Izen handiena honek du sukaldarien artean; frijitua jateko egokiena bera da». Arabako Bernedoko patata saltzen du Lacallek. Hotzean edukitzen dute goizegi ernamuindu ez dadin. Izotzak galdu egingo luke beraz; eguraldiak ziurtasun handiagoa eman artean itxoitea aholkatzen du Jabierrek. Aldiz, kanpoko patata berria ekarri zuten atzo Motrildik (Granada) eta Valentziatik, kiloa 1-1,45 euroan.
Lehen tipulinak
Hiruko tipulin sorta euroan; buru txiki, fresko eta tentagarriak zituen Baliarraingo Edurne Jauregik bere postuan. Porru berriak ere bazituen, eta momentuan baratzetan dagoen aukera bakana hauxe da: apio edo perexil heze adarrak, eskarolak, zerbak, borrajak, txikoria, azken azenarioak eta bruselazak, edota bere garaian jaso eta luzez salgai izaten den kalabaza.
Aurrera begira ez da aurrerapen handirik ikusten, eguraldiak ez duelako lagundu barazki berriak erein edota aldatzeko.
Goierriko limoiak
Altzagako Arantxa Lopetegiren postuan ikusi dugu kaxakada bat limoi. «Hamar-bat urte izango ditu arbolak, eta oso ederra egon da orain arte, baina azken elurteaz geroztik hostoak ihartu zaizkio eta ez dakit zer egingo duen orain». Kontuak kontu, aurten behintzat saltzeko adina izan du: «Zuku gutxixeago dute, baina oso gustu onekoak dira». Kiloa 2 euroan jarri zuen salgai.
Urtero bezala, Erramu Igan-dearen aurreko asteazkenez erramu adarrak salgai ziren. Ez du ohitura honek garai bateko indarrik, baina oraindik nork hartua izaten da. Betiko bezeroei adartxoren bat opari, edota 0,20-5 euro artean zen salgai.