Larraitzen hasi eta Aralarren barrena, San Migelera joan-etorria egin beharko dute partaideek. Taldean burutu beharreko proba izango da, eta batera joan beharko dute ibilbide guztian zehar
Bolitas taldeko kideak, 2015eko Marimurumendi maratoian, tartean Juanito Rubio bera dela.
Dagoeneko eguna jarri diote Ordiziako lehenengo mendi maratoiari, ekainaren 23an jokatuko da eta taldeka burutu beharreko proba izango da. Larraitzeko ermitatik hasi eta Aralarren barrena, San Migelera joan-etorria egin beharko dute partaideek. 39 kilometroko ibilbidea egin beharko dute hain zuzen ere.
Ekainaren 23koa mendi maratoi ofizial bezala burutuko den lehenengo aldia bada ere, probak badu atzetik istorio polit bat. Izan ere, 50 urte bete dira aurten Juanito Rubiok eta orain dela pare bat hilabete zendu zen Inazio Eskisabelek, ibilbide hori bera egin zutela, apustu bat medio. Orain dela mende erdi egindako erronka arrazoi hartuta antolatu dute Ordiziako hainbat kirol elkartek eta Bolitas taldeak, mendi maratoia.
Horrez gain, aurten Ordiziak 750. urteurrena du eta ospakizun horrekin ere bat egin nahi izan dute maratoiko antolakuntzako kideek.
Probaren xehetasunak
Ordiziako lehenengo mendi maratoia «lasterketa baino, lagunak elkartu eta guztiok batera egiteko proba» izango dela argitu du Odilo Rivela antolakuntzako kideak. 39 kilometro pasa izango ditu. Horietako 7 errepidean, 12 kilometro pistan eta gainontzekoak mendian izango dira. Desnibela, berriz, 2.500 metrokoa da.
Partaideak taldeka aterako dira irteeratik; gutxienez 5eko taldeak izango dira. Irteeran, taldeko batek Larraitzeko ermita ikutzen egon beharko du, eta irteera ematen duten momentutik helmugara iritsi arte, taldean joan beharko dute partaideek.
Proba hau burutuko den lehenengo aldia denez, 20-25 taldek parte hartu ahalko dute gehienez.
Parte hartzeko interesa dutenentzat izen-emate epea zabalik dago jada, eta horretarako eta informazio gehiago jasotzeko
ordiziamaratoia@gmail.com epostara idatzi beharko dute.