Injustua da
GUTUNA – Angel Irigoras (Zegama)
Injustua da, hainbat administrazioetan, esaterako: Euskal Gobernuan, Nafarroako Gobernuan, Foru Aldundietan, Tolosa, Legazpi edo Olaztiko udaletan… 1936ko Estatu Kolpearen ondorioz biktima bezala aitortuak azaltzen diren hainbat zegamar: Gregorio Arizkorreta Gorospe Zegamako errepublikar milizianoa, Otxandioko frentean, 1937-04-04, frankistak hil zutena; Eugenio Etxeberria Azurmendi Tolosan 1936ko irailaren 23an fusilatu zuten zegamarra; Gregorio Sarasola Arizkorreta Ormaiztegin 1936-09-23an, fusilatu zuten Zegamar-Olaztiko biztanlea; Zeferino Azurmendi Arrondo Aizpurutxoko Larregi harrobian 1936-09-24ean fusilatu zuten legazpiar-Zegamako biztanlea edo Aratz mendian tiroz hil ondoren, 1944-10-26, Zegaman lurperatutako (X) Sanchez Cordero makia, oraindik, Zegamako Udalak 1936ko Estatu Kolpearen ondorioz eragindako biktimak bezala aitortuak ere ez izatea. Injustua da, Primo de Rivera diktadoreak edo Caidos por Dios y la Patria goraipameneko plaka izatea gaur egun Zegaman. Injustua da, Zegamako Udalak falangisten omenaldiko kaleen izenak mantentzea (Juan Telleria –Cara al Sol– eta Aseginolaza- falangista- anaiak). Injustua da, agian, oraindik, 1949. urteaz gero Francisco Franco Zegamako ohorezko alkate izatea… eta 81 geroago faxistak fusilatutako herritarrak Zegamako Udalak aitortu ere ez egin izana. Injustua da!
– Angel Irigoras (Zegama)