Sei bertsolari lehen aldiz ariko dira bihar Osinalden, aldaketaren saioan

Seikoteko guztiek estreinaldia dute Gabiriako bertso sariketan. Galartza eta Servier dira beteranoenak. Altube lehen partaidetzan iritsi da finalera. Bete egingo da elkartea

Asier Galartza eta Aitor Servier Osinberdetik, Eli Pagola eta Txaber Altube Aztiritik, eta Oier Etxeberria eta Peru Abarrategi Argi-Berritik. Sei bertsolari gazte horiek kantatuko dute, bihar, 47. Osinalde bertso sariketan, Gabirian. Belaunaldi aldaketa irudikatuko da, eta gazte sail hori lehenengo aldiz ariko da sariketaren izen bereko elkartean. 1996tik 1998ra bitartera jaiota-koak dira, 2010eko hamarkadako bertso eskolen fruituak.

Emakumezkoen presentzia urriak markatu du aurtengo sariketa-multzoa. Ordiziako, Zaldibiako eta Aztiriko lehiaketetan aritu diren 18 bertsolarietatik lau bakarrik dira neskak. Finalera bakar batek lortu du sartzea: Eli Pagola hernaniarrak. Bigarren parte hartzea du gazte sarietan.

Galartza eta Servier beren azken aukeraren peskizan dira, hirugarren urtea baitute. Altubek, berriz, lehenengo aldian lortu du Osinaldeko finaleraino iristea. Eñaut Asurabarrena gabiriarrak jarriko dizkie gaiak.

Goierritarrik ez aspaldikoz

Lurraldetasunari dagokionez, orekatuagoa dago kartela: bi bizkaitar, bi gipuzkoar, eta lapurtar eta arabar bana. Goierritarrik ez da izango, ordea. Hasierako 18koan hiru ziren: Eneko Araiztegi —azken bi urteetan fina-lean; iazko finaleko partaide bakarra da—, Ane Beloki eta Mikel Tapia. 2013an ere eskualdekoen hutsunea izan zen. Osinalderen historia guztian —1971n hasi zen—, hamabost goierritarrek irabazi dute; azkena, Aitor Irastortza zaldibiarrak, 2014an.

Ohitura denez, lehenengo afaria izango da, 20:30ean hasita: pikatxa tortilla, arkume errea eta gazta sagargoxoarekin. 123 lagun bilduko dira, aurrez txartelak erosi dituztenak. Bertso saioa 22:30a-23:00ak aldera hasiko da. Entzutera joan nahi dutenek, sarrera libre izango dute.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend