Altube, lehen urtean lizentziatu

Osinalde bertsolari gazteen 47. saria Txaber Altubek irabazi du, eta Oier Etxeberria izan da bigarren. Bertso onenaren ikurra Eli Pagolak jaso du. Debut ona denek

Belaunaldi aldaketak nola erantzungo zuen ikuskizun zen larunbat gauean Gabirian, bertsolari gazteen 47. Osinalde sariketako partaide guztiak berriak baitziren mahai hartan. Eta portatu dira, denak. Saio entzungarria, uneka maila politekoa eta printzaduna egin dute. Hogei urteko gazteek bertsotan badakitela erakutsi dute, eta plazak ez dituela izutzen. Mikrorik gabe ere, lotsarik gabe eta artez jardun dira, elkartea hitzez isilduz.

Txaber Altube abadiñarrak irabazi du Osinalde saria. Goierriko bertso sarietara aurten gonbidatu dute lehenengo aldiz —Aztirian jardun zen—, eta debuteko urtean garaile atera da. Gorantz egin du saioaren joa.nean, baina beti erregular jardunda. Kartzelakoan jo du goia; Peru Abarrategi lehengusuarekin egokitu, eta, konplizitate handiz, biak ondo aritu dira.

Osinalde elkartean 123 lagunek afaldu dute, eta batzu-batzuk gehiago sartu dira saiora gero. Beste urteetan baina gutxiago, oporren ajeagatik edo. Entzuleek ere epaileekin bat egin dute. Gustukoena Altube aukeratu dute, botoz. Bi sari pertsona berari ez emateagatik, epaileen puntuaketan bigarren zegoen Oier Etxeberria azpeitiarrak jaso du garaikur hori. Imanol Lazkano herkideak zoriondu du amaieran.

Bertso onena, Pagolarena

Bertso onenaren saria, berriz, Eli Pagola hernaniarrak eraman du, Lehen puntuaren erantzunagatik. Sexu harremanak edukitzeko iradokizunari bizi erantzun zion, eta «zu gaurko plan hontan sartuko al zinake?» bukatu zuen bertsoa.

Aurkezle Eñaut Asurabarrena aritu zen, eta epaile Mikel Mendizabal, Nikolas Zeberio, Endika Igartzabal, Eresti Oiarbide eta Aratz Igartzabal. Errifaren zozketan, sarituta 1.402, 964 eta 647 zenbakiak atera dira.

Behin irabazita, Txaber Altubek ezingo du gehiago Osinalden eta aurreko saioetan jardun. «Segi izaten hain betiko, hain berezi; gaur pasa denak ez du agurrik merezi» agurtu du Osinalde.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend