Gaintzaren kultura, bizitzari ura
Gaintzarrek lehenengo aldiz Kultura Eguna ospatu dute. Herritar saldoa ez ezik, goierritar gehiago ere gonbidatu dituzte. Amets-Bidek dantza saio ikusgarria egin duGaintzako herritarrek oso gutxitan bezalako juntadizoa izan zuten, larunbatean. Kultura ...
Gaintzarrek lehenengo aldiz Kultura Eguna ospatu dute. Herritar saldoa ez ezik, goierritar gehiago ere gonbidatu dituzte. Amets-Bidek dantza saio ikusgarria egin du
Gaintzako herritarrek oso gutxitan bezalako juntadizoa izan zuten, larunbatean. Kultura Eguna antolatu dute estreinakoz, eta aitzakia horrekin, ehun-bat lagun bildu dira mahaiaren bueltan, afaltzeko. Goizean hasi zuten, ordea, festa. Helburua, herriari bizia ematea eta herritarrei begira dinamika bat sortzea, batez ere gazteei begira.Herri kirolekin hasi zuten eguna, Gaintzako gazteek. Arratsaldean, dantza ikuskizun dotorea eskaini zuen Ordiziako Amets-Bide taldeak. Haur, gazte eta heldu, 40 bat dantzari joan ziren. Pilotalekuan —kanpoan euria zarra-zarra ari zuen—, gaintzar eta kanpotik joandako, itxuratu bikaina eman zioten festari.
Garazi eta Josu trikitilarien doinuek arindu zuten afaltokia jartzeko lekua, frontoian bertan. Ehun lagun elkartu ziren. Gauean, Guri5 taldeak musikatu zuen erromeria.
Lehenengo fruitua
Gaintzako Udalak kultura arloa indartzeko erabakia hartu du, aurten. Teknikari bat hartu du sei hilabeterako. Ekimen horren aurreneko emaitza izan da Kultura Eguna. Itxaso Orbegozo kultura dinamizatzaileak aurreratu du asmoa, Goierri Telebistan: «Herriari bizia emateko, eta beste festa bat ospatzeko egin dugu. Asmoa jarraitzekoa da. Ondo ateratzen ari da, afarirako jende dezente bildu gara, eta harrera ona izan du».
Herritarrek bikain erantzun dute. «Horrelako festak herri txikietako jendearentzat garrantzitsuak izaten dira, gehien bat gazteentzat, dinamika eta herri giroa sortzeko. Herri txikia gara, baina boluntario dezente dago, eta denon artean errazago egiten dugu dena», azaldu du Ilde Iztueta gaintzarrak.